Emakume idazleek irakurle eta zaleak ezagutzeko garaia dute
Pia Tafdrup, Cristina Morato, Daniela Attanasio eta Monica Zgustova izango dira literatur topaketan
Hainbat herrialdetako emakumek egindako literaturaren garaia heldu da. Emakume Idazleen Topaketaren hogeita laugarren ekitaldia egingo dute bihar eta etzi. Pia Tafdrup, Cristina Morato, Daniela Attanasio eta Monica ZGustova izango dira bi eguneko jardunaldietan. 1988az geroztik abian da Donostiako herritarrak emakumeek egindako literatura eta arte sorkuntzaren aniztasunera eta aberastasunera hurbiltzen dituen ekimena.
Emakume idazleen obran eta eleberrietan sakontzeaz gain, jardunaldietan parte hartzen duten ikusleek topaketak elkartzen dituen lau idazleekin hitz egiteko aukera dute. Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko jarduera aretoan bilduko dira literatur zaleak bihar eta etzi.
Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrak egingo du bihar lehen aurkezpena. Pia Tafdrup idazle daniarra aurkeztuko du jendaurrean, 18:00etan. Kopenhagen jaioa, Danimarkako eta Europako Poesiako Akademien kidea da. Antzezlanak eta eleberriez gain hamalau poesia liburu kaleratu ditu, hala nola, Spring Tide (Udako marea), Queen’s Gate eta Los caballos de Tarkovsky. Halaber, bere lan poetikoa aztertzen duen Walkin over the Water saiakera idatzi du. Bere lanak 30 hizkuntza baino gehiagotan irakur daitezke. Thousandborn. The poet Pia Tafdrup dokumentala eskaini diote gainera. Besteak beste Europako Iparraldeko Kontseiluaren Literatur Saria eta Suediako Akademiaren Saria eskuratu ditu.
Morato, idazlea eta bidaia zalea
Cristina Morato idazlea izango da bihar bigarren gonbidatua, 19:30ean. Bartzelonako kazetari, argazkilari eta bidaia idazlea da. Berrogei herrialdetik gora ezagutu ditu eta denboraldi luzeak eman ditu Afrikan eta Latinoamerikan. Emakumeen egoera eta herri indiarren nortasuna eta identitatearen inguruan duen jakinminak bultzatuta, hainbat erreportaje, hitzaldi eta erakusketa egin ditu gaiaren inguruan. Viajeras intrepidas y aventureras eta Las Reinas de Africa, viajeras y exploradoras por el continente africano dira Moratoren liburu garrantzitsuenak.
Herrialde arabiarretan zehar ibili diren emakume bidaiariei buruz ere idatzi zuen Las Damas de Oriente liburuan; eta Marga d’Andurain euskaldun espioi eta abenturazalearen biografia idatzi zuen Cautiva en Arabia argitalpenean.
Ostegunean, Eli Tolaretxipik Daniela Attanasio idazle italiarra aurkeztuko du, 18:00etan. Erroman jaiotako egileak La cura delle cose, Sottol Il sole, Del mio e dell’altrui amore eta Il ritorno all’isola poesia liburuak idatzi ditu. Bere lana Almanacco dello Specchio 2009ko antologian jasota dago. Teramipoesia antzerki eta poesia kritika aldizkariaren zuzendaria da, eta hainbat egunkari eta aldizkaritan idazten du.
Monica Zgustovaren solasaldia 19:30ean izango da. Pragan jaio zen. 30eko hamarkadan AEBetan erbesteratu zen gurasoekin batera. 80ko hamarkadan Bartzelonara joan zen bizitzera. Bere lanak hainbat hizkuntzatan irakur daitezke. Jardin de invierno izena du bere azken liburuak. Txekiar eta errusiar hizkuntzatik hogeita hamar liburutik gora itzuli ditu Zgustovak, eta errusiera-katalana hiztegiaren egilea da.
Literatura gehiago, Okendon
Urtean zehar Okendo kultur etxean bada literaturaz gozatzeko aukera. Luisa Etxenike idazle donostiarrak gidatutako egitarauak hilean behin bi solasaldi eskaintzen ditu. Abenduaren 1ean (18:00) eta 2an (19:30) egingo dute hurrengo topaketa. Sofi Oksanen idazlearen Purga liburuaren inguruan hitz egingo dute.


