Magritte donostiarra
“Pintura bizimodu bat izan da, nire bizitza. Musika eta literatura bezala, mintzabide bat izan da; kanpora irekitzeko modu bat”. Bizente Ameztoik (Donostia, 1946-2001) txikitatik argi izan zuen margolaria izango zela: «Ez dut inoiz pintura ez den beste zer egiteko asmorik izan. Neure kabuz ikasi dut guztia. Hezkuntza guztiz autodidaktikoa izan dela esan dezaket. Informazio asko izan dut liburuetan, oso irakurzalea izan naiz, eta nire aitari izugarri gustatzen zitzaion pintura. Ez zidan inoiz pintura egiteko eragozpenik jarri; alderantziz, lagundu egin zidan».
Hamar urte dira Ameztoi hil zenetik. Haren obra, ordea, ez da desagertu. Bost urterekin margotu zuen lehen kuadroa. Lanean hasi zen, margotzen, lehen zirriborroak egiten «ia konturatu gabe», eta aurrera jarraitu zuen. Bere obran eta lan egiteko moduan Magritte eredu eta inspirazio izan zuela aitortu zuen, baita bere bizitzan gertatutako gauza guztiek ere.
Margolan bakoitza bere burua harritzeko saiakera bat zela esaten zuen: «Harritzen ez banau, gerorako utzi, edo bukatu gabe uzten dut». Pertsonak eta paisaiak margotu zituen Ameztoik: «Horiek inspiratzen naute gehien. Euskal paisaiak landu ditut gehien, bertan bizi naizelako, eta gehien ezagutzen ditudalako. Pertsonek paisaia horiekin duten lotura eta harremana ikus daiteke nire obretan».
San Telmo Museoak haren artelan bat gorde du erakusketa iraunkorrean: ‘Landaredia figurarekin’ (1984) olioa dago museoan zintzilik. Eusko Jaurlaritzaren gordailua da, eta San Telmoko bilduma iraunkorrean utzi du. Lehen solairuan dago ikusgai, Modernitatearen hasiera atalean, euskal artearen ehun urte biltzen dituen gunean. Eduardo Txillida, Andres Nagel, Juan Luis Goenaga eta Oteizaren artelanen artean dago Ameztoiren obra.
1936ko gerra hasi eta 60ko hamarkada arte arteak ez zuen susperraldirik izan. Euskal Eskola sortu zenez geroztik abiatu zen, Oteiza eta Txillida buru zituela, Ondorengo belaunaldiko kideekin harremanetan egon ziren, elkarrekin zeukaten batasun politiko eta geografikoa lagun, Nagelekin edo Ameztoirekin besteak beste. Guztiak ere beren lanetan gizabanakoaren eta haren ingurunearen konplexutasunaren arteko harreman jakin bat islatzeko ahaleginean.
70eko hamarkadan, Francoren diktaduraren amaieran eta trantsizio betean egile belaunaldi berria sortu zen. Ez zen euskal eskolarik, euskal artea banakako egileek osatutako multzo handi bat zen. 60ko hamarkadan artea eta konpromisoa kontzeptu bereiziezinak ziren. Hurrengo urteetan, ordea, planteamendu estetikoen inguruko gogoetan sakondu zuten. Eskulturak, gainera, indarra galdu eta pinturak kendu zion nagusitasuna. Figurazio berriak eta esperientzia abstraktua bilatzen zuen belaunaldi berriak.
Pop art eta hiperrealismoaren espirituari jarraitu zioten. Berritzaileenen artean berritzaileena izan zen Bizente Ameztoi. Euskal paisaiak elementu onirikoekin nahastu zituen. Artista sailkaezina izan zen. Ia margolan guztiak saldu egin zituen sortzaileak: «Beti sentitu dut egindako lana hobetzeko gogoa. Ez dut nire margolanak ikustea gustuko. Nire margolan gehienak saldu egin ditut. Ez dut apenas kuadrorik, ezta ondarerik».
Margolari ez ezik, ‘Euskadi Sioux’ aldizkariaren sortzaile ere izan zen. Proiektu hartan parte hartu zuen belaunaldi hartako hainbat kide desagertu dira Ameztoiren ondoren: Ivan Zulueta zinemagilea, Juan Carlos Eguillor marrazkilaria eta Juan Kruz Unzurrunzaga galerista, besteren artean.


