Elorzak ordezkatuko du Eusko Jaurlaritza 2016 hautagaitzan
Blanca Urgell kultura sailburuak aukeratutako proiektua inork baino hobeto ezagutzen duela adierazi du
Donostiako alkate ohiak, Odon Elorzak, ordezkatuko du Eusko Jaurlaritza Donostia 2016 erakundearteko bulegoan. Hala plazaratu du Blanca Urgell kultura sailburuak idatzi baten bidez. Urgellek Elorzak berak proiektua udalean aurkeztu zuela ekarri du gogora, eta 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza bultzatu eta lortu duela: «Hark jarri zuen abian 2008an 2016 hautagaitza sortzeko lan taldea, eta Elorzak prozesu guztian parte hartu zuen; proiektuaren sorkuntzan, edukietan eta programan ere bai».
Aukeratutako proiektua inork baino hobeto ezagutzen duela azaldu du Urgellek: «Elorzak hurengo urteetan jarraitu beharreko prozesua ondo ezagutzen du. Donostiak hautagaitza irabazi du, eta bere presentziak proiektu irabazlearen espiritua mantenduko duelakoan nago.».


