Udal Gobernua eta Ernesto Gasco, autobus geltokiagatik mokoka
Autobus geltokiaren aferak PSE-EE udal taldeko bozeramaile eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde den Ernesto Gascoren eta Udal Gobernuaren arteko harremana gaiztotu du. Udal Gobernua Txomin Enea eta Martuteneko hondamendia konpontzeko lanean aritu den bitartean, Ernesto Gascok autobus geltokiaren inguruko «erdi egiak» lau haizetara zabaltzeko aprobetxatu duela kritikatu du Juan Karlos Izagirre alkateak.
Are gehiago, Gasco «xantaia» egiten aritu dela salatu du. Loiolako Erriberan, Eusko Tren eta Renfe batuko dituen geltokia egiteko, Donostialdeko Metroaren alde egitea ezarri baitu baldintza gisa. «Eusko Jaurlaritzaren babespean, bere interesak defendatu nahi ditu Gascok, donostiarren interesen alde egin beharrean», adierazi du Juan Karlos Izagirrek.
Renfeko trenbideak kudeatzeaz arduratzen den Adifek abiadura handiko trenaren geltoki nagusi izango den Norteko geltokia eraberritzeko ideia lehiaketa jarri du abian. Pauso horrek Loiolako Erriberako geltoki intermodala ez duela baldintzatuko jakinarazi du alkateak. Izan ere, geltoki nagusia Atotxan egonda ere, ibilbide luzeko eta abiadura handiko trenek Loiolako Erriberan geratzeko aukera izaten jarraituko dutela ziurtatu du. Bestalde, ideia lehiaketa egitasmoaren hastapena besterik ez dela eta datorren igandetik aurrera Espainiako Gobernuan nahiz Legebiltzarrean izango diren aldaketak medio, zer gertatuko den ikusteko dagoela zehaztu du Izagirrek.
Ernesto Gasco
Alkateak agerraldia egin bezain laster erantzun du Ernesto Gasco PSE-EE udal taldeko bozeramaileak. Gascoren ustez, Juan Karlos Izagirre da autobus geltokirik eraiki nahi ez duena. «Proiektua eginda dago, lanak esleituta eta geltokia bi barru zabaltzeko moduan egongo litzateke», dio. Alkateak, ordea, «dena gelditu» duela erantsi du.
Xantaia egiten ari dena, beraz, Juan Karlos Izagirre dela adierazi du Ernesto Gascok; esleipena pikutara bidali eta kalte ordainei aurre egin beharko zaielako, abiadura handiko trenarekin loturatik izango ez duen geltokia egin nahi dutelako eta geltokia eraikitzeko lursailik ez dutelako.
«Mehatxuak eta irainak» albo batera uzteko, eta elkarrizketa eta txosten teknikoetan oinarritutako negoziazioa abian jartzea gomendatu dio alkateari.


