"Bakoitza bere postura moldatu arte denbora dezente igaroko da"
Espainiako Lehen Mailan jokatzen duen Euskal Herriko boleibol talde bakarra donostiarra da, Fortunakoa. Amateur mailako Ligarik gorenena da, eta bertan mantentzea da jokalarien eta arduradunen helburu nagusia.
Klubean bederatzi urte eman ostean, Fortunako gorengo boleibol taldera igotzea lortu zuen iaz Amaia Aranzadik (Amara Berri, 1985). «Hona iritsi aurretik ezer gutxi nekien boleibolaz, aurretik gimnasia erritmikoa egiten bainuen. Beste hiru lagunekin hasi nintzen jokatzen eta jarraitzen dudan bakarra naiz», azaldu du Aranzadik. Aurten postu berri bat ezagutzen ari da, liberoarena. Kolore desberdineko kamiseta eramateagatik arreta deitzen duen jokalari hori da. Aldaketarik eskatu gabe sartu eta ateratzen da kantxatik. Lehen eskutik eman dio Irutxuloko Hitzari taldearen berri. Etxean jokatuko dute Ligako hurrengo partida, larunbatean, Curtidoraren aurka.
Bigarren denboraldia hasi duzu goiko taldearekin. Aldaketa handia izan da?
Aldaketa oso handia izan da. Aurten bi partida bakarrik jokatu ditugu momentuz, baina iaztik hona aldaketa asko egon dira taldean. Iaz, berez, talde hobea genuen, eta oso zaila egin zitzaigun Liga, eta aurten oraindik zailagoa izango da. Baina gustura nago, taldean jokalari berri asko daude, eta partidetan nabaritu egiten da aurretik ez genuela elkarrekin jokatzen. Taldea batzen ari gara, ondokoek zer egingo duten jakitea oso garrantzitsua baita.
Zer eman dizu orain arteko esperientziak?
Ligako taldeek maila handia dutenez, guk egin beharreko esfortzua handiagoa da. Askotan, galdu egiten badugu ere, egindako esfortzuarekin geratzen gara, badakigulako aurkariak oso onak direla. Beti dago hobetzea, baina gutxinaka zerbait gehiago egiten ari garela ikusten dugu.
Aldaketak dira nagusi aurtengo taldean. Zer moduz ari zara moldatzen libero postura?
Nire postu berria, momentuz arraroa egin zait; oraindik ez dut sinetsi. Badakit zer egin behar dudan, baina gehiago sinetsi beharko nuke. Oso postu desberdina da liberoarena; baloiak jasotzea bakarrik da nire lana, eta gaizki egiten badut kolpe gogorra da, horretarako bakarrik bainago. Gaizki egiten badut, kolokatzaileak ezin du bere lana ongi egin, eta ardura handia da. Ondorioz, frustrazioa ere beste postuetakoa baino handiagoa da. Gutxienez bigarren partidan gusturago geratu naiz.
Gainera, ez zara postuz aldatu duzun bakarra.
Amaia Gonzalezek, esaterako, lau bezala jokatzen zuen iaz, eta aurten kolokatzailea da. Niretzat bezala, beretzat ere aldaketa handia izaten ari da. Pixkanaka-pixkanaka moldatzen ari gara. Hala ere, bakoitza bere postura moldatu arte denbora dezente igaroko da. Partidetan asko ikasten dugu, eta, Liga hasi aurretik lagunartekoak jokatu genituen arren, ez zuen zerikusirik izan.
Iazko taldeko jokalari gutxi zaudete. Zer moduz ari dira moldatzen gazteenak?
Talde indartsuekin ari garenean ikusten dira zeintzuk diren gure gabeziak. Argi dago gehiago egin behar dugula. Gazteetako batzuek iaz ere jokatzen zuten gurekin, nahiz eta gutxi izan. Iaz urduri zeudela nabaritzen zitzaien, beraientzat maila aldaketa handia baitzen. Oraindik ere, daukaten adinarekin nabaritzen zaie urduritasuna. Hala ere, aurten gusturago ikusten ditut, eta ongi moldatzen ari dira.
Zein da zuen taldearen alderdi indartsuena eta zein ahulena?
Aurten baditugu altuera handiko jokalariak, eta hori gure alde daukagu. Baina horietakoren bat hasiberria da edota aspaldi jokatu gabe zegoena. Lehenengo partidan, adibidez, ez genuen ia ezer ere blokeatu, baina bigarrenean bai. Hala ere, gainontzetako taldeetan jokalari altuagoak daude, beraz, gureak gutxirako balio du.
Boleibolaz gutxi dakienari, nola azalduko zenioke zer den libero bat?
Buf… normalean erdiko jokalari batengatik aldatzen dute liberoa. Erdiko jokalariak altuenak izaten direnez, zailtasun gehiago izaten dituztelako baloiak jasotzeko. Azkenean liberoak itxaron egin behar du, lurrera bota, eta ahal duen baloi guztiak jaso.
Ezin duzu aurreko postuetan jokatu. Faltan botatzen duzu errematatzea?
Agian, ez errematatzearena ez dut hainbeste nabaritzen, iaz banekielako nire gabezia errematea zela, eta beste jokalari batzuek hobeto egiten zutela. Arraroena ez sakatzea egiten zait.
Oso talde indartsuen aurka jokatu behar duzue. Zein da zuen helburua?
Helburua iaz bezala maila mantentzea da. Jokalari gazteak sartu direnez, taldea batzea ere lana da, gutxinaka maila hobea emateko.
Iaz dena zen berria zuretzako; Liga, entrenatzailea eta taldea. Aurten nabaritzen duzu egonkortasuna?
Iaz berria nintzela nabaritzen nuen, eta zaila egin zitzaidan moldatzea. Orain taldean oso gustura nago, eta hori oso garrantzitsua da autobus bidaia luzeei aurre egiteko. Gustura bazaude eta egiten duzun gustuko baduzu, aurrera jarraitzen duzu.
Nola animatuko zenituzke donostiarrak zuen partidak ikustera joateko?
Azkenean jendea biltzen da etxeko partidetan. Esango nieke oso kirol dibertigarria dela eta euria egiten duenerako plan polita dela. Hori bai, komenigarria da neguan ongi babestuta etortzea, hotz handia egiten baitu kiroldegian. Etxeko partidak beti izaten dira Pio Barojan, larunbatetan, 19:00etan.