Gipuzkoako historiaurrea eta arkeologiaren altxorra erakutsiko du San Telmok
Lehen aurkikuntza ofizialak 1879 eta 1917 urte bitartean izan ziren. Adan de Ayarzak eman zuen Gipuzkoako lehen egitura megalitikoaren berri: Aralarko Jentilarri dolmena. Ondoren Errenteria-Oreretan, Aitzbitarte haitzuloan, lehen aztarnategia ireki zuten. Lehen aurkikuntzetatik gaur egunera bitartean arkeologia alorrean egindako ikerketak azalduko ditu San Telmo Museoko Historiaurrearen abentura Gipuzkoan erakusketa berriak.
Lurraldean aurkitutako historiaurreko pieza eta aztarnategi garrantzitsuenak azaltzeaz gain, erakusketak ibilbide honetan parte hartu dutenak ere gogora ekarri ditu. Arkeologia zientifikoan lehen urratsak eman zituztenak, besteren artan: Jose Miguel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren. Hirukote honek hainbat hilobiren indusketak egin zituen. Altzania, Aralar, Ataun-Burunda, Belabieta, Kalamua eta Urbia, esaterako. Aztarnategiaren kartografia eta dokumentazioa, estratigrafiaren erregistoa, jasotako materialaren azterketa eta hartutako lurren behaketa aintzat hartu, eta hori guztia osatzeko emaitzak argitaratzen zituzten. Bisitariek, gainera, haiek garaian lan egiteko erabiltzen zituzten jatorrizko materialak ikusteko aukera izango dute: argazki kamerak, marrazkiak eta idatziak.
Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari orokorrak argi utzi nahi izan du ez dela «historiaurreko aztarnen erakusketa bat. Lehen arkeologo eta egungo arkeologoen bizipenetan oinarritutako erakusketa da. Izan ere, aztarnak lurrazpian daude; bainao nori esker ezagutu ditugu altxor hauek? Iraganaren ikerkuntzan bizitza osoa eman duten belaunaldi haiei egindako omenaldia da». Aretoan ikus daitezkeen pieza nabarmenen artean Tolosako Udalaren 1664ko aktetan Belabietako megalitoari egindako aipamena dago.
Aranzadi Elkarteak urtero antolatu ohi dituen arkeologia jardunaldiak San Telmon egingo dituzte lehen aldiz. Juan Luis Arsuagaren hitzaldiarekin hasiko dira bihar, osteguna. Bestalde, erakusketaren harira ehun orriko katalogo argitaratu dute. Museoan aurkeztu berri den bildumaren informazio osatua jasotzen duen liburua, hain zuzen.