Urte amaiera jarri du PPk geltokiaren kokapena erabakitzeko muga
Soka luzea du eta izango du autobus geltokiak. Behin betiko geltokia erabakitzeko balantza alde batera edo bestera iraul dezakeena PP alderdia da eta argi adierazi du urte amaiera baino lehen erabaki beharko dela autobus geltokia non eraiki. Hala egingo ez balitz, Atotxakoaren alde egingo luketela jakinarazi du Ramon Gomez bozeramaileak.
Bestalde, Loiolako Erriberako geltoki intermodala izan dadin, Donostialdeko Metroaren alde egitea ezinbestekoa dela adierazi du Gomezek, nahiz eta «Bildukoek egitasmo hori babestea argi ikusten ez duten», zehaztu du.
Gomezek, baina, kanpoan utzi du abiadura handiko trena. Loiolako Erriberan geltokia izango balu, eskaintza borobilduko lukeela esan du; ez du, ordea, ezinbesteko baldintza jo. Eusko Jaurlaritzako teknikariek gauza bat eta udalekoek beste bat diotela erantsi du Ramon Gomez PPko bozeramaileak. «Erakunde bateko eta besteko teknikariak elkartu behar dira eta Loiolako Erriberako benetako aukerak zeintzuk diren argi eta garbi azaldu behar dituzte», dio.
Loiolako Erriberaren aldeko hautua egiteko «azterketak eta txostenak» aurkeztu behar direla esan dio PSE-EEko Ernesto Gascok Izagirreri. Alkatearen jarrerak, gainera, lurraldearen egituraketaz ezer gutxi dakiela erakusten duela esan du PSE-EEko kideak. «Alkatea proiektu estrategikoen aldekoa ez bada ere, metroa ezkerreko egitasmoa da, langileen garraiobidea; Udalak, gainera, ez du inbertsiorik egin behar», nabarmendu du Ernesto Gascok.
EAJko bozeramaileak, Eneko Goiak, bestetik, zentzuz jokatzeko eskatu die mokoka ari diren alderdiei. «Herritarren interesak lehentsi ditzatela eta ez alderdiarenak», dio Goiak. Kokapen aldaketak eragingo duen aldaketaz PP ez dela ohartu eta Udal Gobernuak, Atotxako aukera gustatzen ez zaionez, proiektua korapilatzeko estrategia hautatu duela esan du EAJko bozeramaileak.