Zarzuelaren antologia aurkeztuko du Sasibillek
Sasibill Lirika Elkartea Viktoria Eugenia Antzokira itzuliko da larunbatean zarzuela antologia batekin; konpainiaren hirugarrena jada. Izan ere ez da libreto bakarreko obra: ‘La revoltosa’, ‘Las Guajiras’, ‘Bella enamorada’, ‘El niño judio’, ‘La cancion del sembrador’ eta zarzuelaren beste hainbat zati jaso dituzte antologia honetan.
Lau abeslari bakarlariz osatutako taldea izango da taula gainean: Miren Urbieta soprano donostiarra, Marife Nogales mezzosoprano andoaindarra, Segoviako Cesar de Frutos eta Alacanteko Arturo Pastor. Jesus Guridiren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta, haren bi obra hautatu dituzte: ‘El Caserio’ eta ‘Mirentxu’. Azken obra hau, hain zuzen, Miren Urbietak interpretatuko du. Bestalde, Enrique del Portal eta Maria Jesus Gurrutxaga aktoreek aurkezle lanak egingo dituzte ikuskizunean. Zarzuelaren pertsonaia ezagunenen larruan sartuko dira gainera, Don Hilarion eta La señorita Rita izango dira taula gainean. Eskola dantza taldeak ere parte hartuko du; ‘El Caserio’ obraren preludioa dantzatuko dute.
Ohi bezala, Sotto Voce Orkestrak parte hartuko du. Arkaitz Mendoza donostiarrak zuzenduko ditu musikariak: «Antologia hau erronka izan da. Hemeretzi zati dira, eta batzuk oso zailak dira interpretatzeko», adierazi du gazteak. Zarzuela emanaldia 19:30ean hasiko da Viktoria Eugenia Antzokian. Sarrerak 30, 25 eta 18 eurotan daude salgai.