Ehunka lagun bertaratu ziren Cemei eraikinera azken orduko eskaintzak ikusteko. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Donostia Sustapenak eta Udalak antolatutako Enplegu Azokak ateak ireki ditu, hamaikagarren aldiz. Bi egunetan zehar, ehunka lagun eskainitako 200 lanpostuetako bat lortzen saiatuko dira.
Papera eta boligrafoa eskuetan, Igarako Cemei enpresaguneko harreran hormatik zintzilik zeuden orri guztiak arakatu dituzte dozenaka lagunek goizean. Azken unean sortutako lan aukeren artean, beraien profilarekin bat egiten zuen baten bat aurkitu nahi zuten. Denetarikoak ziren eskaintzak. Anitzak. Bila zebiltzanen behar eta nahien antzera. Datuak hartu, arduradunei galdetu, aukeraketa egin… Gehienez utz daitezkeen hiru curriculumak emanda joan dira batzuk, deituko dituzten itxaropenarekin. Beste batzuek, etorritako moduan hartu dute irteerako bidea: esku hutsik.
Donostia Sustapenak antolatzen duen XI. Enpleguaren Azokak 09:00etan ireki ditu ateak. Lehen ordutik, eskaintzen diren 200 lanpostuen elkarrizketetarako deituta zeudenei, zortearen bila joandakoak batu zaizkie. Donostia Sustapeneko enplegu arduradun Arantza Amatek zehaztu duenez, “lanpostu eskaintza nabarmen murriztu da. Orain urte batzuk 1.000 bat izaten genituen”. Horregatik, eta egungo egoera ekonomikoa kontuan izanda, garrantzia berezia du urteko bigarren Azokak. Izan ere, azken datuen arabera, 9.734 donostiar baitaude lanik gabe. Horitako 1.500ek posturen baterako aurkeztu dute beraien burua, eta 350 lan elkarrizketa egingo dituzte azokak iraungo duen bi egunetan. Horien bidez, postuen %50 betetzea espero dute.
Hogeita hamabi enpresa parte hartzen ari dira, alor askotakoak: merkataritza, informatika, ostalaritza, ingeniaritza, osasuna… Beharrezko formakuntzari dagokionean ere, eskakizunak denetarikoak dira; baina goi mailako prestakuntza eskatzen dutenak hazi egin dira. Dena den, Amatek argitu duenez, “2009tik kualifikazio gehiagoko jendea etortzen hasi da”.
Gaur aukera berri bat
Elkarrizketa dezente egin behar izan dituem enplegatzaileetako bat Koma Zerbitzu kulturaleko zuzendari Miren Koro Campos izan da. Nagusiki museoekin lan egin duten kultur baliabideen kudeaketa enpresak bi postu eskaintzen ditu: “komunikazio gaitasun handia duten lagunak nahi ditugu, lantegiak eta bisita gidatuak egiteko”. Campos harrituta zegoen eskaintzari erantzun zion lagun kopuruarekin. Gehienek eskakizunak betetzen dituztenez, Azokan bertan kontratazioa egitea espero zuen. Langile berriak aurkituko zituela uste zuen ere Gorka Odriozolak. Bakioko Itsaslehor zerbitzu turistiko enpresaren kudeatzaileak bi lagun behar zituen kudeatzaile eta aholkulari postuetarako. Guztira, 25 langabe elkarrizketatu ditu. “Denetarik dago; etsituta daudenetatik curriculum bikaina dutenetara. Batzuk langabezian egoteak harritu nau; baina krisiarekin enpresak ixten dira, eta halakoak ikusten dituzu”.
Camposek eta Odriozolak eskainitako aukerak behin behineko kontratuak dira. Hala dira, Azokan aurkeztu direnen %80. Denboraldiko langileak behar izaten dituzten Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta hiriko Merkataritza Elkarteak aurkezpen bana egingo dutebihar Eguberrietarako beharko dituzten lagunak aurkitzeko asmoz. Interesa dutenek, beraz, badakite nora jo.
Ostiralean zereginik gabe jarraitzen dutenen curriculumak Donostia Sustapeneko lan poltsetan barneratuko dituzte. Goikoa Jauregiko bulegora joatea ere gomendatu die Amatek, “eskaintza berriak iritsiko direlako, eta enpresek ikusi nahiko dituztelako”. Hala ere, bihar, beharrek eta aukerek berriro topo egingo dute Igarako merkatuan.
Egoera ilunean, baikortasunari bidea egin nahian
Itxaropen gehiago edo gutxiagorekin lagun askok elkarrizketa egin edo curriculuma utzi du Enplegu Azokan.
Cemei eraikineko laugarren pisuan urduritasuna nagusi zen gaur goizean. Horma berdeekin bereizitako mahaietakoren batetik noiz deituko zituzten zain zeuden dozena bat lagun. Lan elkarrizketa egiteko gogoz, aukeratuak izateko itxaropenez. Lehen hautaketa gainditua zutenek, kaleko solairuan zeudenek baino aukera gehiago zituzten, behintzat. Hauek oraindik itxi gabe zeuden edo sortu berri ziren lanpostuak begiratzen zituzten; interesgarri edo egingarri zitzaien zerbaiten bila. Horien artean, Renzo Giacomo Levatto zegoen. Txiletarrak hiru urte daramatza Donostian, eta enpresetara zuzenean jotzea nahiago duen arren, lan poltsan sartzea erabaki zuen. Konfiantza gutxirekin, hiru postutarako utzi zuen curriculuma. “Orokorrean ostalaritza lanak bilatzen ditut, baina interesatzen zaidan itzulpengintza eta interpretazioa da: dokumentuak itzuli, gidari lanak egin…”. Halako bat topatu du Enplegu Azokan. “Ezusteko itzela izan da, eta are handiagoa izango da deitzen banaute”. Laura Bazanek ere goitik behera begiratu ditu eskaintzak zein aukeratu erabaki aurretik. Groseko gazteak ere lehen aldia zuen Igarako merkatuan, eta interesgarri zitzaizkion bost eskaintza topatu ditu. Dietalari prestakuntzari lotutakoa, bat ere ez. “Administrari, administrari laguntzaile… Horiek aukeratu ditut. Elikagai eskuztatze aritzekoa ere, baimena ondo baitatorkit dietalari izanda”.
Goiko solairutik jaitsita panelei begira gelditu da Errotaburuko Imanol Galarraga. Karrozeriagile aritzeko elkarrizketa egin berri zuen. “Ondo joan dela uste dut, baina itxaron egin beharko dut jakiteko”. Badaezpada bestelako eskaintzarik bazen begiratu du. Ezer ez. “Egoera oso kaskarra da”, gehitu du. Asier Campanok bat egin du Galarragaren ustearekin. Astean lau ordu eta erdiko lana du, baina ez da bizitzeko nahikoa. “Ia hiru urte bila aritu ondoren aurkitu nuen ia lehen lana izan zen”, aitortu zuen Amara Berriko gazteak. Tornulari, fresatzaile, metalaren industrian egin du lan beti. Eskarmentu handia du, baina titulurik ez. Horregatik, elkarrizketatik itxaropen urrirekin irten da. “Ziurrenik titulua lortu berri dutenek baino hobeto egingo dut, baina horiek nahiago dituzte. ikuskaritzekin arazorik ez izateko. Zer egingo diogu!”.