'Gusto gitano' liburuaren egileek harro aurkeztu dute bere lana. (Argazkia: Mikel Goñi).
Romi Bidean elkarteak ‘Sabor gitano’ sukaldaritza liburua aurkeztu du; emakume taldeak Zumarragan eta Intxaurrondon gauzatutako elikadura tailerren emaitza ukigarria da errezeta bilduma.
Gaurko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ijito Herriaren eguna aukeratu du Romi Bidean elkarteak
Sabor gitano sukaldaritza liburua aurkezteko. Emakume ijito eta payo talde honek aurrera eramaten dituen elikadura lantegien emaitza zuzena da errezeta bilduma, eta tradiziotik zein gaur egungo bizitzatik jasotako formulak jasotzen dituzte.
Jone Lakabe Romi Bidean elkarteko arduraduna eta Silvana Jimenez presidentea pozik azaldu dira aurkezpenaren egunean. «Tailerretan zein errezeta bilduma egiten parte hartu duten guztiek poz handia sentitu dute liburua ikustean, ukitzean».
Liburuaren zergatiaz galdetuta, taldeko emakumeak «protagonista» izango zituen zerbait egin nahi zutela adierazi dute arduradunek. Era berean, ijitoak direla nabarmentzeko Ijito Herriaren eguna aukeratu zuten aurkezpenerako.
Liburu honetan bildutako errezetek, beste batzuen artean, ijitoen sukaldaritzaren bi ezaugarri nabarmentzen dute. Batetik, komunitate honek jateko garaian berezko usadioak dituela erakusten du Romi Bidean elkartearen bildumak. Bestetik, ijitoek bizi diren inguruko jaki eta edariak bere ohituretara bildu dituztela ikus daiteke errezeten osagai askori erreparatuta.
Nahasketa horren adibide dira sukalde orri horien artean aurki daitezkeen ijitoen taloen errezeta, eta pikillo piperrez beteriko sardinak osatzeko argibideak.
Argiñano aita ponteren kafea
Fundamentuzko liburu guztien moduan, honen hitzaurrea alorreko pertsona loriatsu batek sinatzen du. Hain zuzen ere, ijitoen egungo sukaldaritza telebistako janaria prestatzeko gomendioek eragina da; eta eremu honetan izar nagusietakoa den Karlos Argiñanok idatzi du aitzinsolasa.
Liburuaren aita pontea ezin izan da aurkezpenean izan; baina igorritako gutunean, «kafe beltz eta eltzekoa» hartzeko gogoz gelditu dela adierazi du. Hain zuzen ere, hori baita ijitoen gastronomiatik zein ohituretatik gauzarik ezagunena: kafea edari sozial gisa.
Sabela betetzeko beharrak eta zaletasunak batzen dituzte Euskal Herriko, eta Donostiako, ijito eta payoak. Hala eta guztiz ere, ñabardurak aurki daitezke batzuen eta besteen gustuen artean. Liburuaren sarrerak dioenez, ijitoen platerak zapore eta kolore fuertedunak dira eta horien falta dituen jakiren bat mahaian aurkitzean «hau payoen erregosia da».
Ijitoen ohiko sukaldaritzan gantza, lekale eta patata askoko platerak «nomadak izatean energia askoko jakiak prestatzen zituzten», argitu dute Romi Bideaneko arduradunek. Errezeta zaharrak eta berriak elkartu dituzte Sabor gitano liburuan, eta, asko bildu dituztenez, ez dute baztertzen bigarren zatia ateratzea. Beste kafe baterako primerako aitzakia.