Hainbat lagunek medikuen laguntza jaso behar izan dute (argazkia: Xabier Etxabe)
La Perla talasoterapia zentroaren inguruko jarduera bere onera etorri da, Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Era berean, ospitalera igo dituzten hamalau pertsonetatik, 14:00-etan, hamabik bertan jarraitzen zutela gaineratu dute. Udaltzainek isurketaren jatorria argitzen jarraitzen dutela ere, adierazi dute.
Talasoterapia zentroa gaur goizean hustu behar izan dute, kloro isurketa egon delako. Gutxi gora-behera 08:40an izan da gertakaria eta 40 lagun inguruk utzi behar izan dute La Perla. Bertako langileek zein bezeroek, narritadurak edota zorabioak zituztela, osasun zerbitzuetako langileen laguntza jaso behar izan dute. Gainera, 10 kide ospitalera ere eraman behar izan dituzte.
Zehazki, La Perlako produktu kimikoen biltegian istripu txiki bat egon da, eta horrek sortu du gertakaria. Hala ere, ez dago gehiago zabaltzeko arriskurik, ez inguruko etxebizitzetara ezta hondartzara ere. Nekane Burutaran, babes zibileko zinegotzia, bertan egon da dagoeneko, eta talasoterapiak egun batzuetan itxita egon beharko duela jakinarazi du.
Momentuz, segurtasun neurriengatik, Zubietan kalea itxia dago, eta ezin dute ez autoek ez oinezkoek igaro.