Lady Braga, Ibaetan
Kultura ekintzailea sustatzeko Ekinbus egitasmoa campusera iritsi da.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleak Ekinbusera erakartzeko misioan iritsi da Lady Braga Donostiako campusera.
Kultura ekintzailea deritzotena sustatzea du helburu Ekinbusek. Hau da, ikasleek beraiek lan etorkizunerako ideiak garatzea eta horretarako unibertsitateak zein laguntza eta babes mota eskaintzen dien azaltzeko egitasmoa da.
Astelehenean iritsi zen informazio autobusa Donostiako campusera eta Irakasleen Unibertsitate Eskolan aparkatu zuten, inguruko fakultateetako ikasleen artean hainbat sariketa, ikastaro eta beken berri emateko.
Gaur eta bihar, berriz, campusaren beste gune batean izango da Do it yourself –Zuk Zeuk egin– leloa daraman autobusa: Elhuyar plazako Barriola eraikinaren ondoan.
Programa horien guztien berri eskuratzera gerturatzeko estrategia umorean oinarritu dute arduradunek. Hori dela eta, Elektrotuna Orkestra eta antzerki taldea dabiltza autobusa bisitatzeko gonbitea zabaltzen.
Lady Braga irudizko abeslariaren ezusteko bisita izaten ari dira unibertsitatearen hainbat eskoletan. Artistarekin batera bere itzultzaileak, ile-apaintzaileak eta bizkartzainak hainbat egoera bitxi sortu dituzte, besteak beste, zuzenbide eskoletan esku-orriak banatzen hastean.
Dirudienez, Lady Braga tiradizoa izaten ari da, autobusera azalpenak entzutera sartzeko ilarak sortu baitira egun hauetan.