Eskola kiroleko monitore izateko aukera ireki dute
Eskola kiroleko monitore ikastaroetan izena emateko epea igandean itxiko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundiek Asmoz Fundazioarekin batera antolatu dituzte ikastaroak aurten ere. Oraindik ere, izen emateak webgune honetan egin daitezke: eskolakirola.asmoz.org.
Ikastaroa, eskola kiroleko monitore gisa lanean ari direnei zuzendua dago. Bereziki, heziketa fisiko edota kirol titulaziorik ez dutenei. Heziketa fisiko eta kirolarekin lotura zuzenik ez duten ikasketarik burutzen ez dabilenei bideratua ere badago.
Bi txandatan
Ikastaroa Internet bidez garatuko dute, hau da, on line formatuan. Zehazki, abenduaren 12tik 2012ko otsailaren 26ra bitartean izango da. Lehen txanda horretan parte hartu ezin duenak 2012ko otsailaren 27tik maiatzaren 13ra bitartean burutuko den bigarren txandan parte hartzeko aukera izango du. Bigarren txanda horretarako izen emateak ere azaroaren 20a baino lehen egin beharko dira.
Ikastaro teorikoak lau modulu desberdinetan banatutako 45 orduko iraupena izango du: Kirolaren antolaketa eta legedia (5 ordu), kirolaren oinarri anatomikoak eta fisiologikoak (15 ordu), irakaskuntzaren eta entrenamenduaren oinarri psikopedagogikoak (10 ordu), eta entrenamendua (15 ordu).
Atal teoriko hori tutorizatutako praktika aldiarekin osatuko dute partaideek. Matrikularen prezioa 100 eurokoa izango da, eta ikastaroa gaindituz gero, ikasleari 50 euro itzuliko zaizkio, ikastaroa bukatzean.


