Guillermo Peñalosa: "Metroak egungo eta ondorengo belaunaldiak ikaragarri zorpetuko ditu"
Hiri osasungarri eta iraunkorragoak diseinatzen aditua da Guillermo Peñalosa. 8-80 Cities erakunde kanadiarreko zuzendari exekutiboa da eta hiri erakargarriagoak eraikitzeko sekretuak ezagutzen ditu, nazioarteko hiri eta erakunde askotan aritu baita aholkulari. Donostia ere ondo baino hobeto ezagutzen du.
Hiri mordoa ezagutzen duzu. Donostia iraunkor eta erakargarrien artean al dago?
Leku paregabea da Donostia. Bertako herritarrek, gainera, urteen poderioz, hiri bikaina eraiki dute. Ederrak diren beste hiri batzuk, berriz, autobide eta beste hainbat azpiegiturekin suntsitu ditu gizakiak. 50-70. hamarkadan, autoaren iraultza dela-eta, hirian barneratzea lortu zuten ibilgailuek. Azken hogei urteetan, baina, oinezko, autobus eta txirrindularientzako bide ugari berreskuratu dira. Mugikortasun iraunkorrari begira, beraz, hiria egoki ari da hazten eta bide horretatik jarraitu behar da. Bidegorri sare nagusia osatuta egotea, esaterako, oso garrantzitsua da. Bidegorri solteak egoteak ez zuelako erabilera indartzen lagunduko.
Sareak indartzen jarraitu beharko luke?
Azpiegitura finkatuta dagoela, sustapena bultzatu behar da. Oinezko bideak ere zabalduz joan behar dute, denda eta merkatariei indar handia eman baitiete. Donostian, gainera, turismoa funtsezkoa da, hortaz, oinezko bide gehiago egin ahala, turista gehiago etorriko dira. Turistek ez dutelako autoz beteriko eremua nahi, hori beraien hirian badutelako. Dena den, bertakoentzat hiria eraikitzea ere ezinbestekoa da. Haiek izan behar dute lehentasuna.
Aproposa al da Donostiarentzat metroa?
Hiriarentzat oso proiektu garestia da. Metroak egungo eta ondorengo belaunaldiak ikaragarri zorpetuko ditu, era errazago eta merkeagoan konpon daitekeen mugikortasun arazo bati aurre egiteko. Metroa beharrean, autobus bideak zabal daitezke. Horretarako, metro aurrekontuaren hamabostena nahikoa da. Jendeak, gainera, nahiago du lur azpian sartu gabe, bidaiatzen duen bitartean zuhaitzak, itsasoa eta gainontzeko herritarrak ikusten joan. Merkatarientzat mesedegarria da, era berean, autobusetik erakusleihoak ikusteko aukera baitago. Haiek izan beharko lukete, beraz, egitasmoaren aurka egiten lehenak, bezeroak galduko dituztelako. Metroa egiteko bideratu beharreko dirua, bide batez, parke, gune publiko, eskola eta beste zenbait ekipamenduetarako bidera zitekeen.
Zer iruditzen zaizu TAO sistema?
Bakoitzaren ibilgailu pribatuarentzat eremu publikoan txoko bat gordetzea ez luke eskubide izan beharko. Norbanakoak bere ibilgailua erosten du eta hark bilatu beharko lioke ibilgailua uzteko lekuari irtenbidea. Zergatik bideratu behar da, autoek doako plaza izan dezaten, herritar guztien dirua? Autoa kalean uztea, autoa izatearen beste gastu bat izan beharko luke, erregaiez hornitzea edota tailerrera eramatea den bezalaxe. Aparkatzea doakoa izan behar duela pentsatu da orain arte; zentzugabea da, ordea. Autoak kalean uzteak guztiek ordaintzen dugun erabakia da, kale zabalagoak eraiki behar direlako eta horiek mantendu behar direlako. Autoaren erabilera aldatzeko asmoz, Donostian bizikletekin egiten den bezala, autoak alokatzeko sisteman jarriko dute abian Parisen. Norberak ez du zertan bere auto eta aparkalekua izan, behar duen denboraz alokatzeko aukera izango duelako.
Mugikortasun iraunkorra indartzeko zein izan daiteke Donostiarentzat hiri eredugarri?
Donostia adibide ona da beste hiri askorentzat. Neurri interesgarriak ezagutu eta beste batzuentzat eredugarri izateko lankidetzan ari da beste hiri batzuekin, gainera. Danimarkako Odense, hala nola, adibide aproposa izan daiteke. Kale ugari itxi dituzte, oinezkoak ibil daitezen. Autoentzako bideak mugatuz, oinezko eta txirrindularientzako bideak areagotu dituzte, halaber. Helburu nagusia, dena den, osasunaren, ingurumenaren eta ekonomia eraginkorraren alde egitea da eta horretarako, oinezkoek, txirrindulariek eta ibilgailuek zein funtzio beteko duten erabakitzea.



