Karatean ongi baino hobeto moldatzen direla erakutsi nahi dute
Bera Berak antolatutako txapelketan, adimen urritasun edo elbarritasun fisikoa duten 41 kidek parte hartuko dute
Elbarritasun fisiko edo adimen urritasunen bat bat duten karatekei zuzendutako txapelketa antolatu du Bera Berak. Nazioarteko txapelketa izango da eta larunbatean bertan jokatuko dute, 17:00etan, Anoetako Arte Martzialen egoitzan. Bera Berak halako lehia bat antolatzen duen laugarren urtea da, baina urtez urte geroz eta gehiago zabaldu dena. Aurten parte hartuko duten 41 kideen artean, bost elbarri fisikoak dira, adimen urritasuna dutenak 28, itsuak edo ongi ikusten ez dutenak lau, eta gorrak beste lau.
Bera Beraz gain, Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioak, Verdini dantza taldeak eta Gipuzkoako Aldundiak kolaboratzen dute ekimenean. Verdini dantza taldea down sindromea duten kideek osatzen dute, eta larunbatean, txapelketaren harira, erakustalditxoa egingo dute.
Karatearen bitartez, urritasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko asmotan sortu zuten norgehiagoka duela lau urte. Gainera, antolatzaileek azpimarratu dutenez, halako mailarekin eta hainbeste kirolarik parte hartzen duten txapelketa bakarra da munduan. Aurtengoan, hainbat herrialdeetako kideak ariko dira nor baino nor: Euskal Herria, Espainia, Alemania, Frantzia eta Italia.
Halako aukera gutxi
Asier Sarriegik, Aldundiko Kirol Zuzendariak, aurkezpenean Anoetako Arte Martzialen egoitzara joateko deia egin du. Bera han egongo zela ziurtatu du; «gutxitan dago horrelako proba gizarteratzaile bat ikusteko aukera».
Mikel Izagirrek, Gipuzkoako kirol egokituaren federazioko presidenteak, txapelketaren garrantzia azpimarratu du. «Maila handiko kirolariak garela erakutsi nahi dugu. Gainontzekoek bezain gaizki, baina bezain ongi egiten dugu», esan du Izagirrek. Horretaz gain, bereziki Bera Berako Jesus Murua zoriondu nahi izan du. «Badakit krisiak bere lana asko zaildu duela eta oso ongi ari da», aipatu du Izagirrek.
Jesus Muruak iaz ikusitakoaz hitz egin du. «Oso garrantzitsua da Europako hainbat herrialdeetako paraideak datozela ikustea. Iaz gorputz adarren bat falta zuten lehiakideak ikusi nituen eta asko harritu nintzen euren maila teknikoarekin. Txakurrarekin aritu zen itsu bat ere ikusi nuen eta izugarria izan zen».



