La Perla zabaldu dute
La Perla talasoterapian normaltasunez ari dira lanean dagoeneko. Atzoko gas-ihes toxikoaren eraginak ez du oztopatu gaur goizean talasoterapia bezeroak jasotzeko prest egotea.
Kaltetutako hiru langilek Donostia Ospitaleko behaketa atalean jarraitzen dute, baina gaur etxera joatea espero dute.
Gas- ihes toxiko batek eguneroko lasaitasuna aztoratu zuen atzo La Perla talasoterapian:
Atzoko bainua ez zen aurreko egunetakoa bezain lasaigarria izan. La Perla talasoterapiako biltegian gas-ihes toxikoa izan zen atzo eta soinketa egiten nahiz igerian lasai zeuden bezero guztiek korrika atera behar izan zuten kalera, arropa eta bestelakoak barruan utzita.
Isurketa zabaldu ez zenez, ez zen ondorio larririk izan. Dena den, hamabi lagun ospitalera eraman zituzten, arnas aparatuan arazorik izango balute zaintzapean egoteko. Ezbeharra larria izan ez zenez, arratsalderako egoera bere onera itzuli zen. Kafetegiko eta gimnasioa zabaldu zituzten; tasaloterapia zirkuitua eta osasun eta estetika zentroa, berriz, gaur zabaltzeko moduan egongo da, La Perlak plazaratu zuen oharraren arabera, gas-ihesak ez baitie ez igerileku ezta gainontzeko instalazioei ere eragin.
Udalak emandako datuen arabera, goizeko 8:30ak aldean izan zen ezbeharra. Gas toxikoak ihes egin zuela ohartarazi bezain laster, La Perlako instalazioetan zeuden 20 bat lagun eta inguruko beste lokal batzuetako beste 30 bat lagun irtenarazi zituzten.
Bainu-bata hartuta kalera atera behar izan zutenen artean zegoen Gloria. Zubieta kalean aurrera, etxera joan baino lehen, «safarian» zihoala zioen umorez La Perlako bezeroak, bainujantzia eta safari itxurako hondartza zapia besterik ez zuelako soinean. Sartu berritan, hanka egin behar izan zuela esan zuen, «kloro usaina eraikin osoan zabaltzen ari baitzen». Beheko solairutik jendea azkar batean ateratzen ari zela kontatu du, usaina itogarria izaten ari baitzen. Gloriak ez zuen arnasteko aparteko zailtasunik nabaritu, behean zeudenei erasan ziela bereziki xehatu du.
Larritzeko aparteko egoerarik ez zutela bizi eta, une oro, ondo artatu zituztela zehaztu du. Arropa jasotzeko aukerarik gabe, hoztu ez zitezen, La Perla ondoko kafetegi batera joan eta indarberritzeko aukera eskaini zieten.
Kaltetutako lagunak artatzeko, suhiltzaileak, udaltzainak, DYAko langileak, Ingurumen saileko, Babes Zibileko eta Jaurlaritzako teknikariak hurbildu ziren Kontxa ingurura. Udal ordezkariek ere gertatutakoa argitu eta beharrezko neurriak hartzeko asmoz hurbildu ziren Kontxara. Hala nola, Jon Albizu mugikortasun zinegotzia, Axier Jaka Ingurumen zinegotzia eta Nekane Burutaran Babes Zibileko zinegotzia gerturatu ziren. Eneko Goia eta Juan Ramon Viles EAJko zinegotziek ere zer jazotakoa bertatik bertara ezagutzeko hurreratu ziren.
Antza denez, kloro biltegia betetzen ari zirenean gertatu zen ezbeharra. Kloroa beste depositu batean zegoen produktuekin nahastu zuten, eta erreakzio kimikoa eragin zuen horrek.
Pasealekua itxita
Erreakzioak eragindako keaz gain, produktu kimikoen usaina nabarmen zabaldu zen La Perlako ingurutik haratago. Alderdi Eder inguruan zeudenek, esaterako, kiratsa eta eztarria urratuta nabaritu zuten. Babes Zibileko Nekane Burutaranek, halere, inongo arriskurik ez zegoela ziurtatu zuen une oro. Ingurumen zinegotziak, era berean, istripuak kalterik ez zuela eragin berretsi zuen.
Nolanahi ere, pozoitzeko arriskua saiheste aldera, oinezko eta txirrindulariei Kontxako pasealekutik igarotzea galerazi zieten. Zubieta kalean ere, Antiguara bidean, zirkulazioa etetea erabaki zuten.



