Luisa Chillidak bere lehen bakarkako erakusketa aurkeztu du Arteko galerian
Eskultura, marrazkia, grabatua, collagea, pintura eta bitxiekin osatutako bilduma berria egin du
Marrazten eta margotzen hasi zen; eta eskulturarekin ere berehala hasi zen esperimentatzen. Halere, Luisa Chillidak (Donostia, 1981) askotariko teknikak landu ditu bere ibilian. Emaitza Groseko Arteko galerian ikus daiteke, ‘Etapas’ izeneko erakusketan. Azken bi urteotan ondutako artelanak bildu ditu bertan. Eskultura, marrazkia, grabatua, collagea, pintura eta bitxiekin osatutako bilduma da.
Artista gaztearen bakarkako lehen erakusketa da, eta funtsean «ideiak iradoki» nahi izan ditu. «Obrak interpretatzeko modua oso irekia izan daiteke. Niretzat, noski, esanahi zehatz bat dute; baina ez zait ikusleen interpretazioa gehiegi baldintzatzea gustatzen. Artelana begiratzen dionari piezak hainbat erara interpretazeko bideak irekitzen dizkiot». Sorkuntzari dagokionez egile ausarta da, ez baitu inolako aukerarik baztertzen: ez gairik, ez teknikarik, ezta diziplinarik ere. «Uste dut teknika guztiek dutela zerbait eskaintzeko, eta ondo aprobetxatuz gero zuk nahi duzuna adierazteko bidea ematen dizute».
Luisa Chillidak diseinu grafiko eta ilustrazio ikasketak egin zituen Bartzelonan. Diseinu grafikoko ikasketetan ikasitakoa bere obran nabarmena dela dio egileak. Bitxigintxa garaikidea ere ikasi zuen; Jaime Diazen lantegian, bi urtez. Guztira hamar urte eman zituen Bartzelonan, eta duela urtebete itzuli zen Donostiara. Besteak beste, grabatu, argazkigintza eta kaligrafia ikastaroak ere egin ditu.
Bizipenak
Hainbat pieza bizipen eta esperientzien isla direla aitortu du Chillidak: ‘Fobia’, ‘Billete de ida y vuelta’ eta ‘Edificio’, besteak beste. Gizatasuna, natura, giza gorputza eta antropologia bezalako gaietatik ere badute zerbait.
Eskulturan bi teknika landu ditu. Batetik, metala. Burdina, altzairu herdoilgaitza, letoia, kobrea eta burdina erabili ditu. Metalezko piezek Andres Nagel artista donostiarraren eragina dutela dio: «Berarekin asko ikasi dut». Tipografiak eta hitzak ere elementu garrantzitsuak dira bere artean.
Lurrarekin egindako eskulturak ere badira: «Antropologia klasikotik egindako begiradak dira. Arteak antzina gurtzarekin eta mundu espiritualarekin izan zuen lotura, eta gai oso erakargarria da nire ustez». Pinturan, berriz, akrilikoa du gustuko; baina beste diziplinetan bezala, hainbat material erabiltzen du, askotariko egiturak sortzeko».



