Los Nerviosos: gihar hutsa
Xixongo Los Guajes taldearekin joko dute larunbatean Le Bukowskin
Los Nerviosos izenak iradoki dezakeenaren kontra, itxuraz behintzat, bi musikari lasai dira: «Baina urduritasuna barnean dugu gordeta, gihar hutsa gara». Iragarki baten bidez ezagutu zuten elkar 2007an. Pablo Villafranca iruindarrak abesti batzuk zituen, eta bateria jotzaile bat behar zuen. Javi Vallejo donostiarrarekin musika konposatzen hasi, eta bien artean egindakoa gustatu zitzaien. Hasieran teklatua jotzen zuen neska baten bila hasi ziren, baina ezinezkoa izan zen. Bikote gisa jarraitu zuten, eta egun, hirukotea jendetza dela uste dute. Iruñea eta Donostia arteko distantziak lana zailtzen badu ere, aurrera jarraitu dute, musikarekin gozatu egiten dutelako.
Vallejok bateria jo eta ahotsak egiten ditu; Villafrancak, berriz, gitarra jotzen du eta abestu egiten du. «Pop zaratatsua eta sinplea egiten dugu. Antzinako soinuaren ikutu bat ere badu. Bestalde, garrantzia handia ematen diogu hitzei. Surrealistak direla esango genuke; eta gaxteak, baina gero eta gutxiago», azaldu dute taldekideek.
Bi disko egin dituzte eta Madrilgo Aplasta Tus Gafas de Pasta kolektiboak argitaratu ditu. Lehena, ‘Otra vez fantasmas’; eta bigarrena, ‘Cucarachas’.
Larunbatean Le Bukowskin izango dira Xixongo Los Guajes taldearekin batera. Kontzertua 20:30ean hasiko da, eta sarrerak 8 eta 10 eurotan daude salgai.



