Tratuan hasteko eskaera egin du Udal Gobernuak Loiolako Erriberako lursaila eskuratzeko
Udal Gobernuak Loiolako Erriberan autobus geltokia egiteko asmoarekin aurrera darrai. Honela, Eusko Jaurlaritzarena den lursaila eskuratzeko, Javier Vitoria Ogasun ordezkariak gutuna bidali dio Carlos Aguirreri, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuari. Era horretan, lursailean azpiegitura eraiki ahal izateko, tratuan hasi nahi duela adierazi dio Udal Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.
Javier Vitoriak bidalitako eskutitzean adierazitakoaren arabera, bi erakundeetako ordezkariek bilera izan zuten azaroaren 10ean Gasteizen. Eztabaidagai den lursailean «Donostiako autobus geltoki intermodal berria» egin nahi dutela jakinarazi zieten udal ordezkariek. Gutunean zehazten den bezala, bi erakundeek 2008ko uztailaren 30ean izenpetu zuten bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren ondoren lortu zuen Jaurlaritzak «Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak Donostian izango lukeen ordezkaritzarentzako eraikin bat» egiteko lursaila.
«Jaurlaritzak hitzarmenaren xedea betetzeko, hau da, lursail horretan bulego-eraikin nagusi bat egiteko, asmorik ez» duela dio gutunak. Hori dela eta, «bi erakundeen arteko negoziazio prozesu bati ekitea» eskatu du Javier Vitoriak, «lursail hori berreskuratze aldera».
EAJko bozeramaileak, Eneko Goiak, aldiz, autobus geltokiaren harira sortu den ika-mika kritikatu du, udal taldeak «ikuskizun tristea» eskaintzen ari direla uste baitu. Horregatik, gainontzeko alderdi kideek zentzuz aritzea nahiko luke. «Ez baitago geltoki perfekturik, guztiek dituzte beren alde onak eta txarrak; ezin da, beraz, egunero eztabaida mahai gainean jarri», adierazi du Goiak. «Arduragabekeria» bakarrik ez, sinesgarritasunari ere kalte egiten diola nabarmendu du. «Aste batean AHT Loiolako Erriberan gera daitekeela diote, hurrengoan ez; orain, metroaren alde egiteak du garrantzitsua…» Nahasmen horrek autobus geltokiaren egitasmoa beste lau urtez atzeratzea eragingo duela azaldu du Eneko Goiak.


