Añorga, Zubieta eta Igeldo argituko dituzte Eguberriko apaingarriek
Kaleak jendez bete daitezen, abenduaren 2an piztuko dituzte gabon usaina hirian zabalduko duten argiak. Apaingarriok hiri osoan ikusgai izatea izan da, aurten, Udalak finkatu duen helburu nagusia. Hortaz, Añorgako, Zubietako, Ategorrieta-Ulia aldeko edota Igeldoko herritarrak ez dute gabon giroa sumatzeko Erdialderaino joan beharko, etxe ondoko kale nagusiak apaingarriz beteko dituztelako. Landarbaso eta Miramon-Zorroaga izango dira gabon kolorerik salbuespen bakarrak.
Apaingarriak kale eta txoko gehiagotara zabaltzeko, gainera, ez dute aurrekontua handitu behar izan. 85.000 euroko aurrekontuarekin zuhaitz, farola, iturri eta bestelako elementuak kontsumo baxuko bonbillaz josiko dituzte. Erdialdekoak, beraz, eskuzabalagoak izango dira, eta zubi eta beste bazter batzuetan jarri ohi dituzten ornamentazioak beste kale batzuetan egongo dira ikusgai.
«Oso iluna»
Gabonetako argiek duten indarra baliatu nahi dute Grosen. Honela, auzo biziagoa bilakatzeko, dendariak elkartu eta 7.000 euro bildu dituzte kaleek distira handiagoa izan dezaten. Ekimenarekin ehun dendarik baino gehiagok egin dute bat, eta 150era iristea espero dute. Guztiek egindako ekarpenaren bidez, Aita Larroca, Usandizaga, Peña y Goñi, Miguel Imaz, Mirakruz, Kolon pasealekua eta Pinudi eta Biteri plazak are erakargarriagoak izango dira. Angel Fernandezek Peña y Goñi kalean du denda eta Kursaalek jende asko erakartzen duela onartu du, Zurriolatik barrualdera egitea, ordea, zailagoa dela adierazi du. Peña y Goñi kalea, esaterako, «oso iluna» dela aitortu du. Abenduaren 2tik urtarrilaren 7a arte, 18:00etatik 22:30era, egunero, atari zabaleko merkatal gunea bilakatuko da Gros.