"Adimena lantzea eta gure hizkuntza ezagutzea garrantzitsua da"
Adimena eta hizkuntza lantzeko balio duten denbora pasak gustuko ditu Ibon Zalduak (Intxaurrondo, 1976). Bosgarren urtez, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketan parte hartuko du larunbatean. Irungo Ola sagardotegian lehiatuko da, beste hiru alditan bezala finalean egon eta 350 euroko saria eskuratzen saiatzeko. Parte hartu nahi dutenek etzi arte izena eman dezakete 25 euroren truke, www.xedera.com web orrian.
Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?
Nire ezagutzak neurtzeko irrika nuen, eta ez zitzaidan batere damutu. Hitz gurutzatuen zalea naiz eta lehiatzea ere asko gustatzen zait. Bestalde, beste herrialde eta hizkuntzetan antolatzen dira hizkuntzaren inguruko txapelketak, hitz gurutzatuenak nahiz ortografiarenak. Lehen aldiz euskaraz egingo zen txapelketa duina zen ikusi nahi nuen, eta hasiera hasieratik izan da.
Nolakoa izaten da txapelketa?
Kanporaketa eta finalaurrekoa, 12×12 eta 12×15 tauletako probak izaten dira. Orriarekin eta mahaian eserita egiten dira. Finalean, berriz, zutik eta jende aurrean osatu behar dute hitz gurutzatua lau finalistek. 15×15 neurriko taula duten paneletan egiten da, batak besteak ez ikusteko moduan. Definizioak proba guztietan berdinak dira denentzat; eta hiztegia erabil daiteke, baina ez smartphone edo sakelako telefonorik.
Irabazlea nor den erabakitzeko zer hartzen dute kontuan?
Bi aldagai daude. Garrantzitsuena dena akats gabe osatzea da. Bakoitzak egindako akats kopurua kontutan hartzen da, eta berdinketa badago, orduan denbora hartzen dute kontuan, azkarren egin duena da garailea.
Zer da garrantzitsuago jakintza ala hiztegia?
Probetan biak uztartzen dira. Batetik, orotariko kultura eta euskal kulturaren ezagutza izan behar duzu; eta bestetik, hizkuntza berarena: euskara eta euskalkiena.
Definizioak bereziak izaten al dira?
Egunkarietan agertzen diren definizio zuzenez gain, esaterako, “astearen hirugarren eguna”; metaforikoagoak ere badira. Adibidez, “kafeagatik oso famatua den herrialde bat, baina bertan kaferik egiten ez dena”. Kasu horretan Italia zen, hango kafe ona omen baita, baina ez dute bertan ekoizten. Definizio politak dira eta buruari eragitekoak.
Zein da txapelketaren xarma?
Definizioak eta probak politak izaten dira; ez da dena matematikoa, erlojuaren kontra jo eta ke… Zaleak gara eta ondo pasatzen dugu. Lagun arteko giroa sortzen da, eta txapelketaren ondoren, elkarrekin bazkaltzen dugu.
Euskaraz bakarrik egiten al dituzu hitz gurutzatuak?
Beti egin izan ditut. Haurra nintzela egunkarietan argitaratzen ziren gaztelaniazkoak egiten nituen, euskarazko gutxi zeudelako. Luma ezagutu nuen arte, euskarazko denbora-pasa gehiegi ez nuen topatzen. Lehen txapelketaren iragarkia ikustean, harpidedun egin nintzen eta hor ibiltzen naiz jo eta ke. Hala ere beste hizkuntzetakoak egitea ere gustatzen zait, eta ingelesezkoekin ari naiz une honetan.
Bestelako denbora pasarik egiten al duzu?
Hitz gurutzatuez gain, hitz gezidunak, matematika ariketak, bertso ezagunak osatzeko ariketak, logika ariketak…
Buruari eragitea atsegin duzu, beraz.
Adimena lantzea eta gure hizkuntza ezagutzea garrantzitsua da. Ondo ezagutzea, ganoraz erabiltzeko.
Zer esango zenioke jendeari parte hartzera anima dadin?
Ez ditzala kezkatu ondo ala gaizki egingo duten. Lagun arteko giroa da eta ondo pasatzen dugu; beraz, proba dezatela, gustatuko zaiela ikusiko baitute.