Amaiur izan da bozkatuena eta PSE-EEk behera egin du nabarmen
Donostian babesik zabalena (24.435 boto) lortu zuen Amaiurrek; ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak osatutako koalizioak. Pozik daudela aitortu du Josu Ruiz Bilduko bozeramaileak; eguneroko lanari jarraitzeko indarra ematen diela azaldu du. Hiriko alderdirik indartsuena izatea goraipatu du; Espainiako hauteskundeak izaki, «zailagoa» dela nabarmendu baitu.
PPk lortutako garaipenaren harira, baina, «gehiengo absolutuak «onak ez» direla onartu du Ruizek. Ramon Gomez PPko bozeramaileak, aldiz, hiriarentzat oso mesedegarria izan daitekeen emaitza lortu dutela azpimarratu du. Espainian ez ezik hirian ere 2008ko datuak hobetu dituztela nabarmendu du. Duela hiru urte baino 1.700 boto gehiago baitituzte zakuan (21.620). «Orain arte egindako lanaren alde egin dute herritarrek», dio Gomezek.
Pozik baina zuhur aritu behar dela adierazi du PPko bozeramaileak, lan handia dagoelako aurretik. Hiriko egitasmo ugari Espainiako Gobernuaren esku daudela eta horiei etekinik handiena ateratzeko lan egingo dutela adierazi du. Hala nola, autobus geltokia, Loiolako koartelak eta Urumea zerrendatu ditu Gomezek. Uholdeak ekiditeko neurriez gain, ibai parkea sortzea jo du PPko bozeramaileak lehentasun. «Zurriolatik Astigarragara, Urumea erakargarriagoa bilakatu behar da», esan du.
Pluraltasunaren irudi
EAJko kideak ere pozik daude, duela lau urteko boto kopurua handitu dutelako. Denera, 20.588 lagunek eman diete botoa, 2008an baino 4410 lagun gehiago. Oso datu onak direla nabarmendu du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Espainiako hauteskundeek, era berean, hiriaren pluraltasuna uzten dutela agerian zehaztu du. Lau indar nagusi daudela dio, eta udal hauteskundeetako emaitzek erakutsitako irudiaren antzekoa dela azaldu du.
Goiak, dena den, ez du uste Espainiako Gobernuan izango den aldaketak hiriko egitasmo eta proiektuetan gorabehera handirik eragingo duenik. «Espainiako Gobernuak buruhauste ugari izango ditu aurrerantzean»; hiriko proiektuek baino, lehentasun handiagoa duten beste arazo batzuei aurre egiteko premia izango dutela uste du Goiak.
Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak (24.184 boto), udal hauteskundeek utzitakoa baino irudi pluralagoa eskaini dutela zehaztu du. Lau indarreko hiria dela dio. «PSE-EE eta Amaiur pareko daude, «buruan nor egongo lehian, eta PP eta EAJ ondoan», azaldu du. Duela hiru urteko datuei baino, (37.854 boto eskuratu zituzten) parte hartzeari erreparatu dio eta udal hauteskundeetako datuekin egin du alderaketa. Parte hartzeak gora egin duela adierazi du (%69,47, igandean; %64,05 2008an) eta udal hauteskundeetan (19.701 boto) baino babes handiagoa dutela esan du Ernesto Gascok: «Alkate izateko aukera izango nuke, udal hauteskundeak balira».
Orduan, PSE-EEko hautagai zen Odon Elorzak, hain justu, eserlekua izango du Madrilen. Alkate ohiaren alderdi kide den Arritxu Marañonek, aldiz, ezingo du agintaldi honetan errepikatu. Senatarien artean ere bada beste donostiarrik: Amaiurreko Urko Aiartza eta PSEko Yolanda Vicente.