Mintzodromo saioa egingo dute etzi Altzagainako Plaza Gorrian
Bizarrain Kultur Elkarteak antolatutako ‘Mintzamina’ jardunaldien barruko ekimena da.
Altzako kultur eskaintza osatu eta euskaldunentzako ekimenak prestatzeko asmoz, Bizarrain Kultur Elkarteak Mintzamina jardunaldiak abian jarri zituen iaz. Izandako erantzun ona ikusita, eta xede berari jarraituz, egitasmoari jarraipena ematen ari dira asteotan. Asteazkenean, Euskararen Egunari lotuta, Mintzodromoa egingo dute Altzagainako Plaza Gorrian. Euskara eta Altza hizpide hartuta, solasean aritu nahi duten euskaldun zahar eta berriak gonbidatuta daude 17:00etan hasiko duten ordubeteko saiora. Hauekin batera, Altza inguruko euskaltegietako ikasleak eta Bizarrainek martxan jarri berri duen mintzalaguna egitasmoko partaideak izango dira. Jarduera berezia prestatu dute ere, abenduaren 2rako. Izan ere, Joan Mari Irigoien idazle altzatarraren Oilarraren promesa liburuaren irakurketa publikoa egingo baitute. Antolatzaileen asmoa, Altzako lau gunetan aldi berean egitea da, baina horretarako, irakurle nahikoa bildu behar dute. Beraz, lerro batzuk ozen esatera animatzen den orok Bizarrainekoekin harremanetan jarri besterik ez du egin behar, 943- 397464 telefonora deituta.