Euskaraz ez dakitenei ikasteko eta dakitenei egiteko eskatu die alkateak
Egitaraua auzoka: Aste honetan
Euskara hizkuntza ofiziala da hirian, euskaraz bizitzeko, baina, oraindik ere zailtasun handiak daudela onartu dute auzo desberdinetako elkarte eta eragileek. Muga horiek gainditzeko aldarrikapen eguna izango da abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna.
Egun bakarreko aldarrikapenean gera ez dadin, egitarau zabala osatzeko bat egin dute berrogeitik gora elkartek eta eragilek zortzi auzoetan: Altzan, Amaran, Amara Berrin, Grosen, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan eta Parte Zaharrean. Jarduera horien bitartez auzoetatik abiatuko den korrontea abenduaren 3an metatzea espero dute eragileek.
Auzoetan festa giroan egingo duten aldarrikapena bando batean jaso du Juan Karlos Izagirre alkateak. Idatzi horren bitartez, eredugarri izateko deia egin die herritar eta, espresuki, administrazioan lanean ari diren hautetsiei: «Eredu izan behar dugu hautatu gaituzten herritarren aurrean».
Donostia euskalduntzeko, beraz, ahalegin berezia egitea eskatu die Juan Karlos Izagirrek euskaldun nahiz euskara ez dakitenei: «Oraindik euskara ez dakizuen donostiar herritarrei euskara ikas dezazuen eta dagoeneko donostiar euskaldun zaretenoi eguneroko bizitzan euskara erabil dezazuen eskatuz».
Euskara, kalean zein etxean, erakunde publiko nahiz pribatuetan, azken batean, eguneroko bizitzan nagusi dadin, urte osoan zehar ahalegin handia egiten delako, Euskararen Nazioarteko Eguna esfortzu eta borroka horren erakusgarri izatea nahiko luke Juan Karlos Izagirre alkateak.
- Amara Berri. Osteguna 24, 19:30ean, Gipuzkoako kantugintza errepasatuko dute Jexusmai Lopetegik eta Antton Iturriak Ikasbiden. Ostirala 25, arratsaldez, auzoa girotzeko hainbat jarduera egingo dituzte.
- Gros. Triki poteoa abiatuko da ostiralean, 19:00etan, Pinudi plazatik eta bertso afaria egingo dute Arrano Beltza Euskal Tokian. Larunbatean, euskaraz ondo pasatzeko aukera egongo da Nafarroa Beherea plazan.
- Intxaurrondo. Koldo Izagirrek hitzaldia emango du, ostegunean, 19:30ean, Larrotxenen. Ostiralean, euskaraokea, gaztain erreak eta txaranga egongo da Bernart Etxepare plazan.
- Loiolako Erribera. Loiolako Erriberako natura izango du hizpide, ostegunean, 19:00etan, Haritzaldek Ikasbiden. Larunbatean festa egongo da Bartzelona hiribidean.
- Parte Zaharra. Dantza, kanta eta beste hainbat ekitaldirekin jaia prestatu dute larunbaterako.