Gazteen artean berdintasuna sustatzeko jaialdia, Emakumeen Etxean
Hainbat erakunde publikok antolatu dute Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.
Beldur barik! lelopean euskal erakundeek berdintasunaren aldeko kanpaina abian jarri dute, ostiralean ospatuko den Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Urte osoan zehar luzatzen den egitasmo multzoa Eudelek, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eta hiru Foru Aldundiek sustatu dute. Honen nondik norakoen berri eman dute Eudeleko presidente Ibone Bengoetxeak eta Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek, beste erakundeetako ordezkariek lagunduta gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Ekimenetako bat larunbatean Okendo kaleko Emakumeen Etxean egingo duten Beldur barik! topaketa da. Egun osoan zehar, besteak beste, emakumezkoei zuzendutako tailerrak, musika eta talde feministen jarduna ezagutzeko gunea izango dira.
Aurten gazteengan eragin nahi dute bereziki. Izan ere, Bengoetxeak nabarmendu duenez, iaz EAEn genero indarkeriaren biktima izan ziren emakumeen %36 inguru, 30 urtetik beherakoak ziren. “Oso garrantzitsua da neska-mutikoei jakinaraztea indarkeria prebentzioaren bitartez bukarazi behar dela, eta euren harremanak elkarrekiko errespetuan eta autonomia pertsonalean oinarritu behar dituztela”, zehaztu du Bengoetxeak. Gazteriarengana jotzea lehentasunezko kontua dela ikusirik, indarkeria egoerei aurre hartzea eta emakume gazteekin lan egitea helburu du kanpainak. “Emakumeen aurkako, eta bereziki, gazteen gaur egungo desberdintasun egoerari aurre egin nahi diogu programaren bidez, eta neskei esan, inolako menpekotasunen aurrean, erakuts dezatela horri kontra egiteko jarrera”, argitu du Eudeleko buruak. Izan ere, Bengoetxearen ustez, emakume gazteen aurkako indarkeria sexista hauen jarreraren eta jabekuntzaren bidez buka daiteke, “eurek alda baititzakete emakume eta gizonen eredua, berdintasunean oinarritutako gizartea lor dezagun”.
Mezu hori indartzeko iaz 12 eta 26 urte arteko gazteentzako Beldur barik! lehiaketa abian jarri zuten. Indarkeriaren aurkako jarrerak islatu behar zituzten lanek edozein euskarri erabiliz. Lehen urtean, 70 proposamen jaso zituzten; aurten, berriz, 260 baino gehiago. Banakako nahiz taldekako lanak aurkeztu dituzte, nagusiki, bideo euskarrian. Hauen freskotasuna eta Beldur barik! jarrera anitza islatu izana nabarmendu du Emakundeko zuzendariak. “Desberdintasunaren eta indarkeriaren aurkako jarrera bat baino gehiago dago, eta lanak estereotipoekin amaitzeko garrantzitsuak dira, berdintasunaren alde borrokatzeko bide anitzak daudela erakusten baitute”.
Beldur barik! Topaketa, larunbatean
- 11:15ean. Ongietorria, gosaria eta bisita gidatua.
- 12:00etan 14:00etan. Autodefentsa feminista, gure aldarria eta jarduna eta Feminista naiz eta harro nago! emakumenzkoentzat tailerrak, eta txapa-tailerra.
- 14:00etan. Self-service bazkari feminista.
- 15:30etik 16:30era. De espaldas al patriarcado kontzertua.
- 16:30etik 18:30era. Ekintza zuzena feminista, Ligatzen ez okerrik egin eta Riots not diets: emakumeak eta musika emakumezkoentzat tailerrak.
- 19:00etatik 20:00etara. Kalejira Emakumeen Etxetik Kursaalera.
- 20:00eatik 21:00etara. Sari banaketa, Kursaalen.
- 21:00etan. De espaldas al patriarcado kontzertua.
- 21:45ean. Placida Ye-Ye DJaren emanaldia.
- Egun osoan. Beldur barik! lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa, eta talde feministen topalekua.