Ibilbide berria eta goi mailako atleten hutsunea dira Maratoiaren aldaketa nagusiak
Dagoeneko aurkeztu dute 34. Donostiako Maratoia. Behobia-Donostiak izan bezala, honek ere arazoak izan ditu Espainiako Atletismo Federazioarekin. Antolakuntzak ez du partaide bakoitzarengatik 5 euroko zerga ordaindu nahi izan. Beraz, oraindik ofiziala ez den arren, federazioaren lasterketen egutegitik kanpo geratuko da Maratoia, eta ondorioz, puntako Espainiako atletek ezingo dute bertan korrika egin, ezta bekadunek ere.
Bestetik, lasterketaren aldaketa nagusia, ibilbide berria izango da. Orain arte Zurriola pasealekutik igarotako bidea, Askatasunaren hiribidetik joango baita.
Lasterketa, igande honetan jokatuko dute, 09:00etan Madril hiribidetik hasita, eta ibilbidea autoentzako itxia egongo da. Guztira 3.000 partaide inguru espero dituzte. Aurreko urteetan bezala, 10 kilometroko lasterketa ere jokatuko dute egun berean. Lasterketa nagusia baino 10 minutu beranduago izango du irteera, gutxi gora-behera.