"Aurkari guztiak ezagutzen nituen, baina ez nuen irabaztea espero"
Iñaki Burutaran loiolatarra izan da Ur-Kirolakek antolatutako Urumeako I. Skiff Jaitsierako garailea
Ur-Kirolakek Urumeako I. Skiff Jaitsiera antolatu zuen iganderako, hauteskunde eguna, hain zuzen ere. Uholdeek ibaian izandako eraginak ez zuen proba jokatzea oztopatu, eta Ricardo Unzueta, Urkiko presidentea, harro dago lortutakoarekin: «Oso gustura geratu naiz eta ziur datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugula». Guztira 20 arraunlarik parte hartu zuten proban, eta azkarrena Iñaki Burutaran (Loiola, 1969) izan zen, 19:06:21eko denborarekin. Burutaranek aspaldi utzi zion seriotasunez arraun egiteari eta harrituta dago lortutako garaipenarekin. Irutxuloko Hitzak berarekin hitz egin du probaren esperientziaren inguruan.
«Aurkari guztiak ezagutzen nituen, baina ez nuen irabaztea espero, dagoeneko beteranoa bainaiz arraunean. Nire barrurako norbaiti irabaztea espero nuen, baina ni baino hobeto prestatutakoak egongo zirela ziur nengoen», onartu du Burutaranek. Edonola ere, korrikaldi luzeak egiten aritu dela dio, eta horrek lagundu diola. «Behobia-Donostiarako prestatzen aritu naiz, eta oraindik puntu horretan nago». Zehazki, Behobia eta Donostia arteko bidea, ordubete eta 28 minututan egin bazuen ere, ez dago guztiz gustura. «Hortik jaistea espero nuen, baina izandako eguraldiarekin, gasolina bukatu zitzaidan! [barreak]». Bereziki, jaitsiera Antxon Beitiaren omenezkoa zelako erabaki zuen Burutaranek parte hartzea. «Gure entrenatzailea izan zen eta horrek bultzatu ninduen».
Kontuak kontu, igandean irabaztera atera ez bazen ere, dena eman zuela dio loiolatarrak. «Arraunlari izandako guztiek buruan dugu estropada bat estropada bat dela. Denak oso lagunak gara, baina irteera ematen duten arte. Arraunlari ohiak sasoian bagaude, jo eta ke ateratzen gara, eta nik hori egin nuen». Ongi baino hobeto ezagutzen du Burutaranek igandean zeharkatutako bost kilometroko ibilbidea. «Partaideak ingurukoak ginen, eta betidanik hemen entrenatzen dugunok badakigu nondik moztu kurba guztietan. Horretan ez zegoen abantailarik».
Hamar urtetatik arraunean Ibilbide oparoa osatu du orain arte Burutaranek arraunean. Izan ere, 10 urterekin Ur-Kirolaken hasi eta bertako maila guztietatik igaro zen. Behin arraun egiteari utzi zionean, entrenatzaile lanetan hasi zen. Aita izan zenean, ordea, kluba uztea erabaki zuen, baina oraindik ere beteranoekin biltzen da astean bitan entrenatzeko. Koadrila horrekin parte hartzen du urtero Londresko Head Of The River estropada ezagunean. Horretaz gain, korrika egitea eta igerian aritzea ere oso gogoko ditu. «Aurten, Fortunak antolatutako Talaian parte hartu nuen, Ulia eta Jaizkibelen artekoa; hori egin ondoren, triatloi batzuk prestatu nituen; gero, Zurriola eta Kontxa arteko igerialdian ere parte hartu nuen, eta gero, Behobia-Donostia eta Urumeako jaitsiera etorri dira», dio harro Burutaranek.
Momentu honetan ez dauka erronkarik eskuartean, baina gauza bat ziur dauka, datorren urtean ere Urumeako Jaitsieran ez duela hutsik egingo. «Lehenengoa izan naizenez, denak nire aurka aterako dira, baina saiatuko naiz berriro egiten».