(Argazkia: Mikel Goñí)
Txirrindulari eta bizikleta zaleak, bihar, 19:30ean, Bulebarrean elkartzera gonbidatu dituzte Masa Kritikoa mugimenduari abiapuntua eman dioten Aitor San Francisco (Amara Berri, 1982), Alex Urrutia (Ulia, 1982), Ibon Madariaga (Ulia, 1983) eta Gorka Hoyosek. Manifestazio askotan bezala, Bulebarretik Antiguako tunelera iritsiko dira; ibilbidean, aldiz, ez dute ez pankartarik ez lelorik oihukatuko.
Zer da Masa Kritikoa?
Ibon Madariaga: Txirrindulariak hiriko zirkulazioaren parte direla aldarrikatzeko elkartzen dira. Europako beste herrialdeetan egiten da martxa hau. Bilbon eta Espainian beste hiri batzuetan egiten zela ezagutu ondoren, Donostian zergatik ez genuen egingo pentsatzen hasi ginen eta hala sortu zen Masa Kritikoa Donostiara ekartzeko ideia.
Alex Urrutia: Aldarrikapena baino, festa gisa hartzen dute beste batzuk. Elkartzea da gure jomuga, hirian badaudelako txirrindularien eskubide eta beharren alde lanean ari diren elkarteak. Lehenik eta behin, elkartu eta orduan ikusiko dugu jendearen asmoak eta kezkak zeintzuk diren. Herritar bakoitzak bere ikuspuntua du; beraz, ideia horiek guztiak entzun eta aurrerago, behar bada, aldarrikapen jakin batzuk sortu eta garatuko dira.
Aitor San Francisco: Bizikletan ibiltzea gustuko duen jendearen topaketa izango da. Hirian bizikletari garrantzi handiagoa eman nahi diogu eta erabilpena zabaltzea ahalik eta gehien.
Azken urteetan bizikletaren erabilera nabarmen hazi da hirian.
Urrutia: Dezente erabiltzen da beste hiri batzuekin alderatuta, baina jende gehiagok erabiltzea nahi dugu. Horretarako, erraztasun eta segurtasun handiagoa behar da. Izan ere, bizikleta edozein lekutan uzteko beldurra duzu. Hirigintza arloan ere, hartzen diren erabakietan errepideak eta autoek dute lehentasuna bizikletaren aurrean.
San Francisco: Kaleak egiterakoan, oinezkoen bideak eta errepideak non jarri pentsatu ondoren, hirugarren plano batean geratzen da bizikleta. Hiriko bidegorririk txukunena, Bizkaia pasealekua zeharkatzen duena izatea ere… Zuhaitzek babesa eskaintzen dute eta oinezko nahiz errepidetik bereizita dago.
Urrutia: Bizikleta politika paseatzeko xedearekin dago pentsatuta. Gu eguneroko erabiltzaileak gara eta lanera ala eskolara joateko erraztasunak behar ditugu.
Nola indar daiteke segurtasuna?
Urrutia: Udal politikek ez diote sakonean heldu bizikleten aparkalekuen segurtasunari. Era berean, bizikletak errespetatu eta zaintzeko beharra zabaldu nahi dugu herritarren artean; parrandan bizikletan atera eta deseginda topatzen baituzu zenbaitetan.
San Francisco: Gizalegezko jokabideak sustatu nahi ditugu. Bizikletak espaloitik doazenean ere sekulako ika-mika sortzen da. Nahiz eta abiada bizian doazenak gutxi izan, txirrindulari guztiak oker dabiltzan irudia zabaldu da. Inongo ardurarik gabe dabiltzan auto gidariak ere badaude eta ez da orokortzen. Txirrindulariek egindako okerretan egiten da indar, baina ez da bizikletak hiriarentzat zein onuragarri diren pentsatzen, bizikleta gehiago erabiliz gero, auto kopurua txikitu daitekeelako hirian. Ideiaz aldatu behar da. Txirrindulariena ere, oinezkoak dauden lekuan motelago joan daitezen.
Zein beste gabezia nabarmenduko zenituzkete?
Urrutia: Aparkaleku estaliak falta dira. Carlos Santamaria liburutegian ikusi dut hirian bakarra. Auzo bakoitzean aparkaleku handi eta duina ahalbidetu beharko litzateke, zaintzapean. AEBetan, bizikleta uzteko hainbat gunetan, lanera ala eskolara sartu aurretik dutxatu eta arropaz aldatu ahal izateko zerbitzua eskaintzen da. Unibertsitateetan nahiz enpresa guneetan jar daitekeen neurria da.
Auzo altuetara bizikletaz heltzeko zer egin daiteke?
Urrutia: Atzerriko hiri batzuetan autobusak bizikletak igo ahal izateko daude moldatuta.
San Francisco: Hemen oso mugatuta dago. Ordutegiak, autobus mota… Autobusa lepo badago, zu izango zara azkena sartzen.
Madariaga: Euria gogor ari zen batean, autobusean sartzen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen eta blai iritsi ginen etxera.
Zer deritzozue 30 guneei buruz? Autoari lekua kentzeko aukera al dira?
Madariaga: Erabaki ona da. Bizikletak ibiltzeko sarea handitzen baita eta txirrindulariek auto baten aurretik ibiltzeko beldurra uxatzen dutelako.
San Francisco: Ez dakit behar bezala seinalizatuta dauden, ordea. Bizikletak bertatik ibil daitezen ez dituzte behar bezala sustatu, gainera. San Martin kaletik Bulebarrera joateko, Garibai kalea har dezakezu lasai asko, zuk duzulako lehentasuna. Jendeak, ordea, ez du aukera horren berri.
Urrutia: Bidegorri saretik bazoaz ez dago 30 guneak non dauden jakiteko modurik. Bat-batean egiten duzu askotan haiekin topo.