Igandean iritsiko da Euskal Kantu Txapelketaren final handia
Lezo eta Bergarako kanporaketen ondoren, finala jokatzeko garaia iritsi da. XV. Euskal Kantu Txapelketa Antzoki Zaharrera helduko da igandean. Bakarka, bikote gisa edo talde gisa; guztira 43 kantarik eta 40 musikarik parte hartu dute aurtengo ekitaldian. Kantari gazteak dira guztiak, eta lehen aldiz jendaurrean kantatzeak eragiten duen urduritasunari aurre egin behar izan diote. Batzuek eurek sortutako abestiak aurkeztu dituzte; beste batzuek, ordea, egile ezagunen piezak interpretatu dituzte, Benito Lertxundiren ‘Loretxoa’, Xabier Leteren ‘Altzateko jaun’ eta Deabruak Teilatuetan-en ‘Zuentzat’, besteak beste.
Finalera hemezortzi lehiakide iritsi dira. Goiatz Irazabal añorgatarrak bikote gisa eta bakarlari gisa abestuko du igandean. Berak bakarrik abestuko du Antzoki Zaharren Ken 7 taldearen ‘Zapalduen olerkia’ kanta. Eta Lierni Arozenarekin batera ‘Itsasgora itsasbehera’ abesti berria aurkeztuko du.
Beste donostiar bat: Idoia Areizaga. Berak konposatutako ‘Ane’ kanta interpretatuko du bakarlari gisa. Eta Jon Anzak ere berak Olatz Zugaztirekin batera sortutako ‘Amonari’ pieza abestuko du bakarrik.
Igandean, sari banaketa hasi baino, lehen Lain musika taldeak disko berriko lau kanta joko ditu zuzenean. Leire Berasaluze, Kristina Arantzabal eta Jon Altuna taldekideak kantu txapelketan parte hartu zuten duela hiru urte.
Sari nagusiak puntuazioaren arabera banatuko dira finalaren egunean. Kategoria bakoitzak, bakarlariak, bikoteak eta taldeak, bina sari izango ditu. Hurrengo urtean Euskal Herriko Kantu Txapelketa Nagusian Gipuzkoa ordezkatuko duten abeslariak ere hautatuko dituzte.
Urteak daramatza Euskal Kantuzaleen Elkarteak txapelketa antolatzen. 2006. urtetik hona, ordea, txapelketa urtero egitea izan da erronka nagusia. Harrobi berriari bideak zabaldu nahi dizkio txapelketak; kantu eta kantari berriak plazara atera. Lehiaketa honetan parte hartu dute, besteren artean, Urko Menaia abeslari donostiarrak, Emon taldeko abeslari Oihane Sarasolak eta May bi taldeko Bea Asurmendik.