Mintzodromoak 1.500 euskaltzaletik gora elkartu nahi ditu Bulebarrean
Ostirala bitarteko saioren batean parte hartu ahal izateko, komeni da aurretik izena ematea
Nahiz eta euskara Europako hizkuntzarik zaharrena izan, «hizkuntza biziberritua eta oraingoa» dela plazaratu behar dela adierazi du Nerea Txapartegi Euskara ordezkariak. Horretarako erakusleihorik aproposena, bada, asteazkenetik aurrera Bulebarreko karpan egingo den Mintzodromoa izango da. Euskara ohiko hizkuntza dutenek nahiz euskaldunak topatzeko zailtasunak dituztenek, guztiek, har dezakete parte hurrengo egunetan egingo diren saioetan. Helburua 1500 lagunetik gora elkartzea da. Hortaz, ordubete beste euskal hiztun batzuekin solasean aritu nahi dutenek aldez aurretik Bagera elkartearekin jar daitezke harremanetan (943-467181ra deituz ala idazkaritza@bagera.net helbidera idatziz).
Harreman berriei ekin eta eztabaidarako tresna izango da datozen egunetan euskara. Asteazkenetik ostirala bitartean, goizeko 9:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, herritar guztientzat egongo dira Mintzodromoko ateak zabalik. Goizean, halere, 15 eta 18 urte bitarteko gazteria nagusituko da hiriko ikasteetxeetara irekiko dutelako deialdia. Aurten, hitanoz egiteko aukera eskainiko dute, halaber. Ostiralean, 18:00etako txandan, osatuko dituzte taldeak.
Donostian ez ezik, Gipuzkoa osoan ere euskaraz bizi nahi duten herritar asko daude. Etxean edota kalean euskara ahoan ibili bai, baina hiriburura hurbiltzen direnean ere harremanak euskaraz egitea dutela desio, azaldu du Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zerbitzuko zuzendariak. Hartu-eman hori irudikatzeko asmoz, Gipuzkoako ehun bat gizarte eragile elkartuko dira, larunbatean, goizeko 11:30ean, Bulebarreko karpan. Solasean ariko diren politikari, artista eta artisten dinamizatzaile Kike Amonarriz telebista aurkezlea izango da.
Ginkana
Amonarrizen ogibide eta irakasbideetako bat da, hain justu, hizkuntzarekin ongi pasatzea. Asmo horrekin prestatu du Kutxa Ekoguneak Euskararen Ginkana. Azaroaren 3an jarri zuten abian euskararen inguruko galderak eta probak gainditzea helburu duen lehiaketa. Oraindik ere, etzi eguerdira arte, 15 urtetik gorakoek www.euskararenginkana.net webgunean sartzeko aukera dute beren ezagutza eta abilezia frogatzeko. Puntu gehien lortzen duten hamarrek, larunbatean, 17:00etan, jokatuko dute finala.
Ekoguneko zuzendariak, Mikel Intxaustik, jakinarazi duenez, irabazleek sari erakargarriak izango dituzte zain: bi pertsonentzako globo bidaia Gipuzkoatik txapeldunentzat; txapeldunordeek asteburua landetxe batean igarotzeko aukera izango dute eta hirugarren sailkatuek hiriko jatetxe batean menu ekologiko bat dastatuko dute.
Saririk ez dute izango baina DBH, Batxillergo eta Lanbide Heziketako gazteek euskaraz ere ondo pasatzeko makina bat aukera daudela ikusiko dute aste honetan zehar. Denera, 3.000 lagunetik gora joango dira euskarazko zinema eta antzerkia ikustera. Izarren Argia eta Mugaldekoak izango dira ikusgai izango dituzten filmak. Antzerkiaz, berriz, Zurriola Antzerki Eskolako gazteak arduratuko dira. Lugaritz kultur etxean eta Antzoki Zaharrean Aterigaia eta Troia eta Eperren mafia lanak taularatuko dituzte.
Euskararen Eguna: Larunbateko Egitaraua
- Pilota jaialdia, ostiralean. Atano III.eko jaialdia 22:15etan hasiko da. Xala eta Laskurain Leitzako Bengoetxea VI.-Barriola bikotearen aurka ariko dira partida nagusian. Euskararen aldeko agiria irakurriko dute pilotariek eta ikusleek euskararen aldeko mezua idazteko aukera izango dute sarreran jarriko duten arbelan. Agortuta daude sarrerak.
- Bisita gidatuak. Erdialdeko lekurik esanguratsuenetatik Euskararen Ibilbidea egingo dute 11:00etan eta 17:00etan. Udaletxean, Ijenteako sarreratik abiatuko dira; aurretik, baina, 943-467181 telefonora deitu ala idazkaritza@bagera.net helbidera idatzi behar da izen emateko.
- Kantu jira. Parte Zaharrean barrena, 12:00etan.
- Zinema. 16:00-17:30-19:00etan. San Telmo museoak Gotzon Elortzaren hiru film labur proiektatuko dituzte.
- Euskararen Ginkana eta karaokea. Euskararen Ginakako finala izango da Bulebarreko karpan, 17:00etan. Euskaraz abesteko aukera egongo da, halaber.
- Hip-hop erakustaldia. 20:00etan, Breathless, Bulebarreko karpan.
- TikTara dantza latinoa euskaraz. 22:00etan, Bulebarreko karpan.