Emakumeen Etxeko kideak urteurrena ospatzera kalera irten ziren igandean
Talde feministek eta emakumeen elkarteek sustatutako Emakumeen Etxeak iazko azaroan ireki zituen ateak. Urtebeteko ibilbide laburra oso ona eta ekimenetan oparoa izan den arren, arduradunek etorkizunari kezkaz begiratzen diote.
Emakume elkarteen eta talde feministen urte luzeko lanaren ondoren, iazko azaroaren 13an ateak ireki zituen Emakumeen Etxeak. Hiriko emakume guztiei irekia, hauen erreferente bilakatzeko lehen pausoak eman ditu Okendo kaleko behin behineko egoitzan. Hamaika ekimen eta bilera egin ondoren, festa batekin ospatu zuten lehen urtebetetzea igandean. Txalapartak eta jendeak kalean piztutako jai giroak Etxea non zegoen oraindik ez zekien batzuek ezagun zezaten balio izan zuen.
Emakumeen Etxea osatzeko 200 bat emakumek lau urtez parte hartu zuten, asanblada, mintegi eta lantegietan. Guztien parte hartzearekin osatu zituzten proiektuaren ildo eta helburuak. “Emakume guztien elkargune izan nahi dugu, elkarteetako emakumeena nahiz banakakoena. Denak banakako gisa gaude, izen abizenekin, edozein taldeko kide izan ala ez. Ez da taldeen etxea, emakumeena baizik”, laburbildu du Asun Urbietak. Luze eztabaidatu ondoren hartu zuten hala izateko erabakia, “talde nahiz elkarteen etxea izanez gero, kanpoan geldituko lirateke hiriko emakume gehienak, beraiena ez dela uler baitzezaketen”.
Egoitzarik ez duten hainbat talde elkartzen dira bertan, baina 300 metro koadroko lokala, hiriko emakume guztien etxea da. Urbietaren hitzetan, “zer dagoen ikustera etor daitezke, antolatzen ditugun ikastaro, saio, emanaldi… parte hartzera; edo Emakumeen Etxea elkarteak nahiz Berdintasun Atalak eskaintzen dituen zerbitzuetara jo dezakete”. Esaterako, astearte eta ostegunetan abokatu batek arazo legalak dituen emakumeei laguntza nahiz informazioa ematen die doan. “Ohikoena, bertaratu eta egiteko zerbait egotea da. Ekitaldi motaren arabera emakume mota batek edo bestek parte hartzen du”, dio Urbietak. Parte hartu baino, elkartu edo zerbait gauzatzeko aukera ere ematen du Etxeak. Adibidez, ekimen bat antolatu nahi duen edozein emakumeri gune bat eskainiko diote aukera dagoen egun batean. Gainera, hileko egitarauaren barruan ezagutaraziko dute nahi duen oro hurbil dadin. Hala, elkarteen nahiz norbanakoen eskutik, gai anitzen inguruko tailerrak, emakume etorkinen kulturarteko gunea, literatur solasaldi taldea, xakearena… gauzatu dituzte.
Lehen hilabeteetako ibilbidea oso ona dela uste dute arduradunek, eta epe laburrean, Denbora Bankua martxan jarri nahi dute. Urte berriarekin batera aurkeztea espero dute, hori kudeatzeko erabiliko duten softwarea prest izatean.
Etorkizuna kolokan
Urbieta beste 150 bat emakume bezala Emakumeen Etxearen bazkidea da. Kuota bat ordaintzen du, eta horrek, nahi izanez gero, kudeaketan parte hartzeko aukera ematen dio, “nolako Etxea nahi dugun esan dezakegu, proiektuak gurea izaten jarrai dezan”. Izan ere, sustatzaileek nahia izan zen Etxea Udalarekin batera kudeatzea, eta Berdintasun Atala egoitzan bertan jartzea. “Emakumeari lotutako kontu guztiak hemen egotea nahi genuen, elementu bateratzailea izatea”. Hori, ordea, kolokan dago egun. Izan ere, Urbietak azaldu duenez, Udal aldaketak zalantzak ekarri ditu. “Krisian gaude eta ez dago Etxerako dirudik. Naiara San Pedrok hartu nahi duen lehen neurria Berdintasun Atala udaletxera eramatea da, zeharkako egiteko. Bestalde, murrizketa guztiak eginda proiektu berri bat aurkeztea nahi du, baina hau da gure proiektua, guk nahi duguna. Beraiek aurkeztu beharko dute murrizketekin, eta guk ikusiko dugu gustatzen zaigun ala ez, edo negoziatzeko zerbait ematen diguten”. Emakumeen Etxeko kideak azaldu duenez, Berdintasuna Atala bertan ez izateak Etxearen funtzionamenduari zuzenean eragingo lioke. “Hiru orduz lan egiten duen dinamizatzailea ordaintzeko dirua dugu. Beraz, etorri eta itxita egongo litzateke. Txandak egiteko esaten digute, baina guk gure lana dugu eta ezin gara hemen egon”, gehitu du Urbietak.
Murrizketak ez dira, ordea, kezka iturri bakarra. Ia urteurrenarekin batera, pauso berri bat ematea aurreikusten zuten: behin betiko egoitza izan behar zuen Ategorrietako Villa Soroara urteko hasieran lekualdatzea. “Udalekoek Villa Soroa birmoldatzea oso garestia dela diote; baina lan horietara bideratzeko 400.000 euroko diru sorta onartuta dago”, zehaztu du Urbietak. Ategorrietako etxea nahiago dute, Erdialdetik urrutiago badago ere, biztanle gehien duten auzoetatik gertuago dagoelako. Gainera, egun dituzten leku mugak gaindituko lituzkete. “Festak edo kontzertuak egiteko Dokara, Guardetxera edo Komplotera joan behar dugu. Jardunaldi feminista bat ezin dugu hemen egin, 3.000 emakume etortzen zaizkizu eta non sartzen dituzu?”.
Feministaldia 2011, abenduaren 2an eta 3an
Plazandreokek antolatzen duen Feministaldia Kultur Feministaren jaialdia ostiralean eta larunbatean egingo dute Emakumeen Etxean. Artelekun egitekoak ziren, baina hilabete hasierako uholdeak direla-eta lekuz aldatu behar izan dituzte. Partaide gutxiagorentzako tokia izan arren, Okendon denek biltzeko aukera izatea espero dute. Aurrera eramango dituzten ekimenen artean, ostiralean, Emakumeok hirian talde erakusketa ikusgai jarriko dute, 19:00etan. Ondoren, Olatz De Andresen dantza ikuskizuna izango da. Larunbatean, berriz, Kontxi Lopezek gidatutako performance tailerra eta Zaida Fernandez nahiz Luz Maceiraren
Emakumeen eta feminismoaren aztarnak gure hirietan lantegiak egingo dituzte, besteak beste. Hauetan parte hartzeko
feministaldia@yahoo.es helbidean izena eman daiteke, asteazkena arte. Amaiera festa larunbat gauean egingo dute Komplot tabernan, La pulga abeslariaren eta Lorena nahiz Placida Ye ye DJen emanaldiekin.