Oronako zuzendari Javier Mutuberria, Galarretan egiten ari diren lanei begira (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Miramongo Teknologia parkea Galarreta aldera hedatuko da. Enpresa, ikerketa eta unibertsitatea uztartuko dituen 40.000 metro koadroko eremua egia bihurtzen ari da jada, eraikinak altxatzeko lanean ari baitira jo eta ke. Arduradun nahiz langileek 2014a dute jomuga, apirilerako inauguratu nahi dutelako teknologia parke berria.
Orona kooperatibak sustatu duen proiektuak iraunkor eta berritzaile izatea du ardatz nagusi, bai eraikin horietan gauzatuko diren egitasmoengatik, bai eraikin eta inguruak izango dituen ezaugarriengatik. Puntako hiri diseinua baliatuz eta kalitatezko arkitektura bermatuz, parke iraunkor eta behar den energia sortzeko gai izatea dute helburu. Inbertsioa 70 milioi euroko da eta 400 lanpostu sortu nahi dituzte.
XXI. mendeko enpresa gune izaki, ez du isolatuta egongo den eremu izan nahi. Herritar guztientzat zabalik eta denentzat erakargarri izan daitekeen espazioan bilakatu nahi dute Orona IDeO – innovation city. Horretarako, kale, plaza eta herritarren topaleku izango diren eremuak sortuko dituzte.
Orona Zero izango da eraikin nagusia eta Orona taldearen egoitza izango da. Mondragon Unibertsitateak ere eskaintza akademikorako eraikina izango du. Laborategiek, era berean, leku handia hartuko dute. Energia garbiak sustatu eta horiek nola gorde eta metatu izango da laborategiko ikertzaileen buruhauste. Lortutako emaitzak erakusteko asmoz, plazan bisitarientzako txoko bat eratuko dute. Herritarrentzat, gainera, parkeak une horretan behar duen energia kontsumoa pantailetan erakutsiko dute.
Galarretako teknologia parkeak berdegune zabala izango du, halaber. Pasaia zaintzearekin batera, oinezkoei emango diete lehentasuna. EcoBoulevard izeneko eremuak Hernaniko erdigunearekin lotura izateaz gain, herriari so egiteko begiratokia izango du. Horrekin batera, langile, ikertzaile eta herritarren topaketarako plaza zabala egokituko dute.