Jokin Mitxelena: "Modu tradizionalean marrazten dut, akuarelarekin"
Marrazkilari donostiarrak Juan Kruz Igerabideren ‘Irribarrea zabaltzeko ipuinak’ liburua irudiztatu du
Elkar argitaletxearen Xaguxar bilduma hazi egin da. Juan Kruz Igerabidek idatzi, eta Jokin Mitxelena marrazkilari donostiarrak irudiztatu duen ‘Irribarrea zabaltzeko ipuinak’ liburua argitaratu dute. Zortzi urtetik aurrerako haurrentzako argitalpena da, eta ipuin sorta jaso dute bertan. Umorezko gaietan konplizitate handia dutela aitortu dute bi egileek: «Ofizio honetan denetik egin behar izaten da, eta tarteka, zuretzat egindako perlatxo bat iristen zaigu. Eta niretzat hori izan da liburu hau», adierazi du Mitxelenak.
Zenbait idazlerekin tratu berezia duela azaldu du: «Ezagutzen ditut haien maniak, fobiak eta akatsak, eta badakit nola moldatuko garen, eta zein lizentzia hartu ditzakedan. beste batzuekien ez dakit noraino irits naitekeen. Ni oso prosaikoa naiz gauza hauetan, eta niri umorezko gauzak gustatzen zaizkit, eta mugimendu handia daukatenak. Igerabideren ipuinek hori guztia daukate, niretzat egin dituela dirudi». Izan ere, Mitxelenaren pertsonaia, eszena eta figuratan mugimendua sumatzen da, horregatik uste du marrazkilariak bere irudiak oso egokiak direla Igerabiderentzat: «Beste testu bat ekarri izan balit ere… mugimenduan jarraituko lukete».
Gehienetan akuarela erabiltzen du Mitxelenak: «Modu tradizionalean marrazten dut, akuarelarekin. Eta kotoizko paper gainean. Nire obra konpostagarria da alde horretatik».
Alemania eta Euskal Herria artean bizi da. Maiz etortzen naiz Euskal Herrira, «edozein aitzakia baliatuta». Liburugintza kontuak eta aurkezpenak izaten gehienetan. Bestela idazleak aurrez aurre ezagutzeko: «Baita hemen eguraldi hobea egiten duelako han baino… Alemania ez dago hain urrun». 1995ean joan zen Alemaniara: «Oso arrazoi klasiko batengatik. Maitasunagatik . Orduan nire emaztea zena alemaniarra da». Donostian jaio, Oiartzunen hazi eta Arte Ederretako ikasketak egin zituen Bilbon. Irakasle izan zen hamar urtez. Ikasle garaitik hasi zen lehen ilustrazioak egiten, eta irakaskuntzan hasi zenean ere jarraitu egin zuen. 1995. urtean marrazkigintza bere ogibidea izango zela erabaki zuen.
Mitxelenak ez zuen marrazkigintza ogibide izango zuenik: «Arte Ederretako ikasketak egiten ari nintzenean ez zitzaidan burutik ere pasa ilustratzaile izango nintzela». Ustekabean, ordea, ikasketak ordaintzeko «lantxo bat» egin zuen: «Marrazkitxo batzuk ziren, besterik gabe. Kasualitatez ere, Pello Añorga idazleak bere hasierako liburu baten marrazkiak egiteko deitu zidan».
Marrazkigintzan etorkizunik izango zuenik imaginatu gabe… « Lantxo bat, beste bat, argitaletxe batera joan… Eta horrela, gaur arte». Argitaletxeek agindutako enkarguez gain, baditu proiektu pertsonal batzuk, propioak: «Pello Añorgarekin ipuin bat prestatzen ari naiz. Klasiko itxurako ipuin bat izango da. Baina ez dut izenbururik, ez ezer aurreratuko». Austriako idazle hasiberri batekin ere badu proiektu bat: «Kanguro bat eta pirata baten inguruko lana izango da».
Iaz Euskadi Literatur Saria eskuratu zuen. Sariak bere proiektuetan eraginik izan duen ez daki: «Proiektu guztiak dira espero ez nituenak, baina horietatik zeinek duen sariarekin zerikusia ez dakit. Eraginik izan badu, nik ez dakit zein izan den. Askotan esan ohi da ‘Nahiz eta saririk ez jaso, nahiz eta dirurik ez egon tartean, ba berdin-berdin egingo nuke’. Bai, ziur aski berdin-berdin egingo nuke, baina sariarekin hobeto. Kaktusak ere urik gabe hazi egiten dira, baina urarekin hobeto».
Mitxelenak berak sortutako proiektu gehienak haurrentzako direla dio. Pello Añorga eta Patxi Zubizarretarekin askotan egiten dut lan, eta horiek, tarteka, nerabe eta helduentzako proiektuak ere egiten dituzte. Eta gustura hartzen ditut». Alemaniako ‘Financial Times’-en ere egin ditu ilustrazioak: «Haiek azalduko beharko lukete zergatik deitu zidaten niri. Berlingo agentzia batean ere banago. Egunkariak han bilatu zuten ilustratzaile bat, eta ni aukeratu ninduten. Azkenean, haurrentzat egiten dut lan gehien, marrazki gehienak ere haurrentzako literaturan erabiltzen dira-eta. Arestian esan bezala oso prosaikoa naiz. Badirudi irakurleek hala eskatzen dutela. Helduen artean nobela grafikoa gustuko dutenak oso gutxi dira, eta beraz, marrazki gutxi dago».
Marrazkilari emankorrenetakoa omen da Mitxelena: «Kritikari batek idatzi zuen. Nire lan guztiak zenbatu zituen antza. Baina nik ez dut kalkulurik egin. Ez da nire helburua ahalik eta lan gehien egitea. Urteetan zehar pilatu egiten dira noski. Pentsa, 1984 urte inguruan argitaratu nuen lehen liburua».
Durangoko Azokan izango da astelehenean. Arrate Egañarekin Lanbroa liburu berria aurkeztuko du. Mezulari argitaletxeak kaleratuko du.