Beñat Gaztelumendi, Illunbeko finalerako prest
Larunbatean, Arrasateko bertso saioan, abenduaren 18rako sailkapen zuzena eskuratu zuen
Udaberrian hasi zen, baina Beñat Gaztelumendi añorgatarra ez da udazkena arte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan murgildu. 2007ko finalean, Illunben, bigarren postua eskuratu zuen, eta aurten final laurdenetan hasi da bertsotan. Villabonako saioan ekin zion, urrian: «Besteek jada hiru saio eginak zituzten, eta beldurra nuen hotzean hasteko; eta besteak jada abiada hartuta zetozen-eta». Baina saioa ondo joan zen: «Ariketa saio luzea izan zen, nahiko serioa. Baino gustura sentitu nintzen. Ez nuen bereziki distira egin egin inon. Bakarka gehiago beharbada. Hain justu Unairekin, anaiarekin, kopletan egitea egokitu zitzaidan. Jendea ure saioarekin gogoratzen da. Hori egin genuen ziur asko ondoen».
Gaztelumenditarrek saio umoretsua egin zuten bi ertzainen larruan sartuta.
Aurtengo txapelketan ez duela prestaketa berezirik egin dio bertsolari gazteak: «Etxean errimak lantzen aritu naiz. Beste bertsolariekin ere elkartu naiz». Oreretan, Jon Martin, Jokin Labaien, Iñaki Apalategi eta Harkaitz Oiartzabalekin. Orion, Ibai Esoain, Xabier Sukia eta Egoitz Izagirrerekin. Getarian, berriz, Uxue Alberdi, Unai Muñoa eta Ainhoa Agirreazaldegirekin. «Txapelketa hasten denean gu estutzen hasten gara, eta begiak eta belarriak ireki egiten zaizkigula uste dut. Inguratzen gaituzten gauzekin erneago gaude», aitortu du.
Villabonako saioan tentsioa nabarmena zela dio: «Euskal Herriko Txapelketan sartzeko txartela zegoen jokoan. Kanpoan geratzeak lau urtetan txapelketan ez parte hartzeak zekarren. Villabonan horrekin nuen kezka. Hori lortuta, final aurrekoetan gutxiago nuen galtzeko».
Joan den larunbatean, Arrasaten, finalaurreko saioan, ariketak berezi samarrak izan zirela azaldu du: « Lehen ariketan, kartzelakoan, bertsolariak banaka atera ginen. Berria zen guretzat. Guztioi batera ateratzea gustatzen zaigu. Deskolokatuta hasi nuen saioa. Lasai joan nintzen, baina estutzen hasi nintzen momentu horretan». Gaztelumendik, halere, ondo jarraitu zuen, baina irrist egin eta poto egin zuen azken bertsoan: «Bakarka, saioko azken bertsoan. Gustuenen nengoen momentuan. Zalantzak hasi ziren orduan. Ez nekien zer gertatuko zen. Poto gabe neure burua lehenengo ikusten nuen. Halere, bakarkakoa jendeari gustatu egin zitzaion, eta horrek salbatu ninduen nolabait».
Gaztelumendik 24 urte ditu, eta bigarren Gipuzkoako Txapelketa jokatzen ari da: «Lasaitasuna ematen dit honek. Gogoa daukat Illunben, finalean, kantatzeko. Ilusioa egiten dit. Zaila da finalean zure buruari helburuak jartzea. Niri ariketaz ariketa gauza politak egitea eta jendearengana iristea gustatuko litzaidake».
Aurtengo txapelketan orain arteko saioetan Irazu da, Gaztelumendiren ustez, gehien nabarmendu dena: «Aitor Sarriegi ere ondo ibili da. Finalaurrekoan, hain justu, niri gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zitzaion». Haren ustez, «duela lau urteko finalistak sartuko gara. Iker Zubeldia geratu da kanpoan, eta Jon Martin falta da oraindik kantatzeko».
Ziur aski «hiru aurpegi berri» izango direla dio: «Zaila da kalkuluak egitea. Agin Rezolak oso maila ona eman zuen udaberrian. Teknikoki oso ondo prestatuta dago. Eta Alaia Martin ere. Ez dakit sartuko den, baina ere ustekabea izan da. Umetan batera kantatu dugu askotan eta ni ez nau harritu. Baina txapelketan izen handietako bat izan da».
Finalaurrekoetan jende berria sartu bada ere, tamalez, finalean belaunaldi berriko bertsolaririk ez dela sartuko, dio Gaztelumendik: «Laurdenetan ibili dira batzuk, eta pena da bertsolari berriak ez iritsi izana finalera».
Bertsolari Txapelketako bertso saioetan publiko gaztea dabilela dio. Halere, «finalak beti desberdinak dira. Bertso saioetara joateko ohiturarik ez dutenak ere joan ohi dira. Horregatik dira bereziak finalak. Nik ez dut zalantzarik. Illunbe bete egingo da eta sekulako giroa egongo da».