Donostia Turismoa biltzarrak erakartzeko azokan izango da
Biltzar eta bilerak antolatzen dituzten profesionalek hitzordua dute urtero Bartzelonan, EIBTM azokan. Ostegunera bitartean, Donostia Turismoko eta biltzarrak hirira erakartzeaz antolatzen den Convention Bureau ataleko arduradunak bertan izango dira, hiriak biltzar eta bilerak antolatzeko duen ahalmena lau haizetara zabaltzeko.
Turismo elkarteko arduradunek iragarri dutenez, 2012 urtea oparoa izango da; ez, ordea, aurreko biak bezain hobea. Convention Bureauko Maria Jose Beltranek 2010 eta 2011 urteak «zinez onak» izan direla nabarmendu du. Irailera arte bildutako datuei erreparatzea besterik ez dago, ordurako biltzar kopuruak (82) %22 egin duelako gora. Biltzarkiak (23.394), berriz, %37 hazi dira.
Datu horiek Kursaal aretoa handitzeko beharra azaleratu dute; garaiotan, ordea, lehentasunik ez duela jakinarazi dute agintariek.