Gizarteari emateko bide anitzak
Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da astelehenean, eta ospakizun horren harira, Gipuzkoako boluntariotza koordinatzen duen Gizaldek azoka egin du EHUko campusean
Ospakizun urtea izan da 2011 boluntarioentzat. Amaitzear den hau Boluntariotzaren Europako Urtea izan da, eta hori gutxi balitz, astelehenean Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da. Bi gertaera horien harira, egiten duten lanaren garrantzia azaleratzeko azoka egin dute gaur goizean EHUko Ibaetako campusean. 20 elkarteko ordezkariek postua jarri zuten Ignacio Maria Barriola Ikasgelategiko arkupean, eta Gizaldek koordinatuta, gazteengana iristeko ekimen ugari gauzatu zituzten goizean zehar. “Boluntariotzaren balioa ikustea nahi dugu, gizartearen eraldaketarako oso tresna garrantzitsua baita”, baieztatu du Gizaldeko Rakel Alvarezek.
Gurpildun aulkietan eserita futbolean aritu, gizarte baztertze lantegian parte hartu, tea dastatu, henna tatuajea egin… hamaika aukera izan dira. Guztiek giro polita sortu, eta ikasleen jakin mina piztea lortu dute. “Hasieran harrituta zeuden, baina gero galdetu, eta parte hartzen ari dira ekimenetan. Jende asko ez dago, eskoletan daudelako, baina batzuk irtetean itzultzen dira”, zehaztu du Alvarezek. Aukera anitza zen, egitekoak ere halakoak direlako. Alvarezek adierazi duenez, “bide asko daude boluntario izateko, bakoitzak bere profilaren arabera bilatu behar du zer egin nahi duen edo gizarteari zer eman nahi dion. Hori adierazi nahi dugu, denok dugula tokia eta zer eman”.
Emateko duten hori zer den aurkitu nahi zutenek, zer ikusi ugari izan dute; azoka guztietan bezala, postu bakoitzak zerbait berezia eskaintzen baitzuen. Hip Hop Comprometido taldeak jakin min handia piztu du. Elkarte sortu berria da, eta Gasteizen du egoitza. Hala ere, Gipuzkoan eta Bizkaian ere lan egiten du. “Rap, hip hop, graffitia eta DJ mugimenduak batu eta aldaketa sozialaren inguruan sentsibilizatzea da gure xedea. Hip hop munduan gabiltzanak ezinbestean gaizkileak ez garela erakutsi, eta aldiz, kaltetutakoen eskubideen alde aktiboki borrokatzen dugula adierazi nahi dugu”, azaldu du elkarteko kide batek. Hip hop zaleek Graffitia guztiontzat tailerra antolatu dute, “horma margotzea zer den jakin nahi dutenek proba dezaten». Boluntariotzaren inguruko mezua idatzi, eta goizean zehar hurbildu diren hainbat lagunen parte hartzearekin margotu dute. Gazteen postuaren ondoan zegoen Maria Jesus Garitanok kide berriak lortzeko itxaropen gutxi zuen. Izan ere, Nagusilan elkartearen xedea adinekoen boluntariotza sustatzea baita. Gizarte lana nahiz psikologia ikasleak tentatzen saiatu arren, bere asmoa beste bat zen. “Adinekoen ikuspegi aktiboagoa izatea nahi dugu. Askotan psikologikoki eta fisikoki andeatutako pertsona bezala ikusten dituzte”. Nagusilaneko kideek zahartze aktiboa bultzatzen dute, eta adinekoek zahar egoitzetan edo bakarrik dauden beste adinekoei lagun egitea. “Osasun, higienea… beharrak aseta daude egoitzetan, baina bakardade handia izan daiteke. Adinekoek errazago izan dezakete harremana, empatia sentitu, adinean gertuago duten lagunekin”, argitu du Garitanok.
Ezagutzera eman eta ezagutu
Ezagunak diren Atzegi, Gurutze Gorria, ONCE edota DYA elkarteekin batera, izen eta jardun arrotzagoak dituzten beste batzuek parte hartu dute azokan. Hauengana hurbiltzen direnei zein den beraien egitekoa eta nahia argitzen igaro dute goiza. Mugarik Gabeko Ekonomilariak-eko Jesus Ochoak beraien lan ildoen berri eman du. “Eskubide ekonomikoen, kultura ekonomiko berriaren eta hiritartasun berriaren alde egiten dugu”. Sentsibilizazio lanaz gain, enpresa eta finantzak egiteko bide berriak sustatu nahi dituzte. Horregatik, Ochoak enpresaritza fakultatetik gertuago egon izana nahiago zuen. Banka etikoaren eta inbertsioak erantzukizunez egitearen aldekoak dira. Bestalde, Hegoaldeko herrialdeetan garapen lankidetza proiektuetan parte hartzen dute, eta birgizarteratze egoeran dauden ekintzaileentzat laguntza zerbitzua dute.
Postuan zeudenek ere elkar ezagutu eta besteek zer egiten duten jakiteko baliatu dute goiza. Ahal zuen guztian aritu denetako bat Interedeko Ainitze Zabala izan da. Besteena ikusteaz gain, bere mahaiaren aurrean gelditzen ziren, eta hala nahi zuten, guztiekin jolasean aritu da. Izan ere, bere proposamena jolas kooperatiboen bidez heztea da. “Jolas hauekin denek galdu edo denek irabazten dugu. Jarrera eta estrategia kooperatiboak erabili behar denez, talde sentimendua, lankidetza eta solidaritatea sustatzeko balio dute”, argitu du Zabalak.
Eskuorri eta informazio ugari jasota joan dira gazte asko. Horrek, agian, pausoa eman eta boluntariotzaren bidez zer eskaini erabakitzen lagunduko die.