Jangelako ahate pasa
Sukaldaritza tradizionala goraipatzeko jaiotako Jakiteak Ahatearen Astea aurkeztu du; hiriko zortzi ostatuk hartuko dute parte ekimenean.
Ahatea hegazti migratzailea ere izaki, ingurutik igarotzeari itxaroten diote ehiztariek, pasari, alegia. Sukaldariek etxaldekoak erabili arren, sasoi ederra izango da abenduaren 5aren eta 11ren artean. Jakiteak antolatutako Ahatearen Astean pintxo eta plater pasa ederra izango delako.
Jakitea sukaldaritza tradizionala nabarmentzea helburu duen elkartea da; baina, beraiek antolatu dute, hasieran, berritzailea eman dezakeen ahatea bezalako produktuaren inguruko ekimena. Aurkezpenean Josema Azpeitia gastronomia kritikariak argitu zuen ustezko kontraesana; «ahatea ez da berritzailea, Iparraldean betidanik erabili den produktua da, eta hemen urte asko dira foie eta confit-ak erabiltzen hasi zirenetik».
Astearen funtsa, ekimenean parte hartuko duten hamasei jatetxe eta tabernetan, espresuki sorturiko ahate plater edo pintxoa eskaintzea da. Azpeitiak aurreratu zuenez, establezimendu horien menuetan barneratuko dituzte berritasunak «jendearen gustukoak» badira.
Parte hartuko duten ostatuetako zortzi Donostian daude; Txuleta, Meson Martin, Txola, Erribera, Illarra, La Brasserie eta Aratz, hurrenez hurren. Azkenekoaren sukaldaria den Iker Zabaletak azaldu zuenez, Onddo eta magret hostopila Arabako pure eta irasagar orearekin eskainiko dute beraiek. Baina, izen luzearen gainetik, «produktua garrantzitsuena» dela nabarmendu zuen Londres hoteleko aurkezpen ekitaldian.
Bada, beraz, eskopetarik eta mendiko botarik gabe ahate pasaren zaporea dastatzeko aukera; Donostian zortzi izango dira ehiza postuak abenduaren 5a eta 11a artean.