Oihana Agirreri babesa emango diote
Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio Oihana Agirre egiatarrari, euskal presoen eskubideen alde borrokatzeagatik. Aitor ikastolako langilea da Agirre, eta bertako langileen asanblada ez dago ados gertatzen ari denarekin. “Badira egun batzuk gure lankide Oihana Agirre ez dela gure artean… nola azaldu guk ere uler ez dezakegun egoera zentzugabea?” idatzi dute Aitor ikastolako langileen izenean. Azken batean, honakoa aldarrikatu dute: “Gure lankidearen errugabetasuna aldarrikatu eta irmoki salatzen dugu jasotako behin betiko ebazpena. Erabakia bertan behera uztea eskatzen dugu. Oihanak aske eta gurekin izan behar du!”. Bide batez, jakinarazi dute abenduaren 2an, 18:30ean, Egiako Plazaundin elkarretaratzea egingo dutela, Agirregi eta bere ingurukoei babesa emateko.
Bestetik, Eleak mugimenduak ere bere ekimenekin jarraitzen du. Bide horretan, deia egin du larunbatean, abenduaren 3an, 17:00etan, Egiako epaitegian, giza eskubideen aldeko harresia eraikitzeko. Hala, bai Oihana Agirreren bai auzibidean dauden lagun guztien absoluzioa eskatzeko. “Epaiketa politiko guztien amaiera gauzatu dadin”, dio Eleakek.