Uxotegiko auzia argitzeko batzordea eratzea adostuko dute
Hogeita hamar bat mozio inguru aztertuko dituzte gaur, 16:00etan, hasiko den osoko bilkuran
Luze joko du gaur, 16:00etan, hasiko den osoko bilkurak, hogeita hamar bat mozio eta eta hamar erakunde adierazpen inguru izango baitituzte udal zinegotziek mahai gainean.
Azaroko udalbatzarrean, urrikoan gertatu bezala, Uxotegiko gaztetxea ika-mikarako arrazoi izango da. Parte Zaharreko eraikina okupatzerako jarraitutako pauso eta hartutako erabakiak argitzeko, ikerketa batzordea eratzearen alde egingo dute EAJk eta PPk.
Udal Gobernuak auzi horren inguruan duen jarrera «eskandalagarria» deritzo EAJko bozeramaile Eneko Goiari. Udalari bitartekari lanak egitea ez dagokiola argitu du. «Pentsa TAO agente eta isuna jaso duen herritarraren artean bitartekari ariko balitz?», dio Goiak.
«Harrokeria galanta» iruditzen zaio, gainera, Euskararen Egunerako auzoz auzo antolatutako ekimenen egitarauan Uxotegik antolatutako Altxor Bila jolasa jasotzea. «Broma gaiztoa» dela adierazi du, «existitzen ez» den elkarte baten jarduera ontzat ematen duelako.
Osoko bilkurak, era berean, uholdeekin lotutako erakunde adierazpena onartuko du. Elkartasuna adieraztearekin batera, lehentasuna duten egitasmoei heldu eta erakunde desberdinak elkarlanean aritzea aldarrikatuko du erakunde adierazpenak.