"Hitzekin deskribatu ezin daitekeen poza da sentitzen dudana"
Santi Gonzalez, Gros Xake Taldeko kapitaina
Joan den astean Melillan egindako lan bikainari esker, Espainiako Kluben Arteko Txapelketa irabaztea lortu duen lehen euskal elkartea bihurtu da Gros Xake Taldea.
Ohorezko Mailako zazpi talde onenak lehiatu ziren azaroaren 21etik 26ra, Melillan jokatutako txapelketan. Gros Xake Taldeko kapitaina Santi Gonzalez (Bilbo, 1981) izan zen eta bere ahotik entzun du Irutxuloko Hitzak bertan bizitakoa. Klubarentzat ohore handia izan da aurretik lortu gabeko titulu horrekin etxeratzea, eta erronka berriei begira daude dagoeneko. «Erdi gipuzkoartutako bilbotarra naiz» dio umorez Gozalezek.
Zazpi klubek parte hartu duzue, eta zuek zineten hiru faboritoen artean. Zama hori nabaritu duzue txapelketan?
Aurreko txapelketetan lortutako emaitzengatik, sailkapeneko lehenengo hiru taldeak ginen faboritoak; Sestao, Galiziako Marcote eta gu. Gure zorionerako, Marcoteko jokalari onenak ezin izan zuen txapelketan lehiatu. Beraz, lehen postuarengatik borrokatzea errazagoa zen. Egia esan, ez dugu faboritoen zama nabaritu, hiru talde baikinen.
Txapelkena egun gutxitan jokatu duzue. Nola bizi izan dituzue jardunaldiak?
Txapelketa sei egunetan jokatu genuen, azaroaren 21etik 26ra. Gure taldea atseden hartuz hasi zen, eta horrek aukera eman zigun lehenengo itzulietara ongi prestatuak joateko. Hirugarren itzulian jokatu genuen Marcoteren aurka, eta oso ongi atera zitzaigun. Irabazi egin genien eta hor pentsatzen hasi ginen agian txapelketa irabazteko gai izan gintezkeela.
Orduan Galiziako Marcote izan da aurkaririk gogorrena?
Bai, zalantzarik gabe. Azken itzulian Sestaoren aurka galdu genuen, baina gogorrena Marcote izan zen. Gainera, alde handiarekin irabazi genien eta asko poztu ginen.
Zortzi taldekide zinetan, baina ez zenuten beti berdinek jokatu, ezta?
Hori da. Zortzi taldekide joan ginen, baina ni kapitaina naizenez, egun bakoitzean zein sei jokalarik parte hartuko zuten erabaki nuen, hasi baino ordubete lehenago. Jokalari bakoitzari zenbaki bat jartzen zaio, eta bere zenbaki berdina duen aurkako taldeko jokalariarekin jokatzen du. Bat zenbakiduna bat zenbakidunaren aurka, bi zenbakiduna bi zenbakidunaren aurka… eta piezen kolorea ere aldatuz doa. Nire lehen jokalariak pieza txuriekin jokatzen badu, bigarrenak beltzekin, eta horrela txandaka. Partida guztiak batera hasten dira eta partida gehien irabazten dituen taldeak lortzen ditu puntu gehien.
Partidak oso luzeak izan dira edo espero bezala joan dira?
Partidak 17:00etan hasten ziren eta baten batek 22:00ak arte iraun zuen.
Lehenago esan duzun bezala, azkeneko itzulian Sestaoren aurka galdu zenuten.Esperotako porrota izan zen?
Sestao, gaur egun, Euskal Ligako txapelduna da. Beraz, bagenekien ez zela aurkari erraza izango. Kontua da, Sestaok beste aurkari batzuen aurka berdinketak lortu zituela. Eta horregatik lortu genuen beraien aurretik geratzea. Azken finean, nahiko abantailarekin joan ginen azken jardunaldira, eta gure lan bakarra bi garaipen lortzea zen.
26 partidetan, 24’5 puntu lortu dituzue. Emaitza ona da, ezta?
Bai, bereziki txapelketa honetarako. Maila handia zegoen eta taldeak oso berdinduak ginen. Hainbeste puntu lortu izana deigarria da, bereziki, Marcotekoei eman genien pasaldiagatik.
Dagoeneko ospatu duzue garaipena?
Larunbatean ekitaldi txiki bat antolatu zuten, eta bertan saria eman ziguten. Ondoren, antolakuntzak taberna bat alokatu zuen, eta karaokean We are the champions ere abestu genuen. Azkenean, ospakizuna ordu txikiak arte luzatu zen.
Donostian geratu ziren Gros Xake Taldeko kideek nola jarraitu zuten txapelketa?
Nik, noski, egunero deitzen nien gertatutakoaren berri emateko. Hala ere, Espainiako Xake Federazioaren webgunearen bidez, partida guztiak zuzenean jarraitzeko aukera zegoen. Gainera, webcam bidez aretoko irudiak ikustea ere bazegoen. Horretaz gain, Gros Xake Taldeko egoitzan, partidak zuzenean jarraitzen aritu ziren pantaila erraldoian. Eta Iñigo Argandoña eta Alex Franco jokalariak ez zirenez txapelketara joan, klubeko kideentzat partiden inguruko iritziak eta iruzkinak egiten aritu ziren.
Zer suposatzen du klubarentzat halako garaipen bat lortzeak?
Ni Bilbokoa naiz, baina hamar urte daramatzat klubean, ia bere hastapenetatik. Pixkanaka kluba haziz joan da, eta lehen Euskal Liga irabazi zuenean fitxatu ninduten, 2001ean. Taldea Espainiako Bigarren Mailatik Ohorezko Mailaraino igotzen ikusi dut. Behin baino gehiagotan galdu dugu Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finala, baina bigarren postuan geratzeagatik Europako Kopan parte hartzera ere iritsi izan gara… beraz, klubarentzako gorenera iristea izan da garaipen hau. Helmuga bat gehiago igarotzea lortu dugu.
Eta zuri zer eman dizu?
Hitzekin deskribatu ezin daitekeen poza da sentitzen dudana; gure lan guztiaren saria jasotzea sekulakoa da.
Dagoeneko donostiartutako bilbotarra zara orduan?
Bilbon bizi naiz, baina lehen astebururo joaten nintzen Donostiara, taldekideekin egotera. Orain gutxiago izaten naiz Donostian, baina erdi gipuzkoartutako bilbotarra naiz.