Kursaal Fundazioak %5 txikitu du 2012ko aurrekontua
Urtea amaitzeko hilabete falta bada ere, 2012ari begira dago Kursaal Fundazioa. Programazioa lotu eta datorren urteko aurrekontua –1.903.683 euro– adostu dute. Aurtengoarekin alderatuta, %5 jaitsiko da patrono publiko nahiz pribatuen ekarpena. Kontzertu kopuruari, ordea, eutsi egingo diote. Aurten, 37 eta hurrengo urtean 38 (musika klasikoko 10, talde herrikoien 17 eta familian gozatzeko diren 11) izango dira.
Kursaal Fundazioa «sendo eta osasuntsu» dagoela azpimarratu du Carlos Ruiz Kutxako ordezkariak. Sasoi betean dagoela erakusten du, hala nola, aurten Kursaalera hurbildutako ikusle kopuruak. Urtea amaitu gabe dagoela, 39.900 ikus-entzule zenbatu dituzte. Aretoak %82 bete dira; kopuru horrek, ordea, gora egin dezakeela zehaztu du Ruizek, sei kontzertu falta direlako oraindik.
Ikerne Badiola Kultura diputatuak eta Juan Karlos Izagirre alkateak programazio erakargarria osatzeko egiten duten ahalegina txalotu dute. Iker Goikoetxeak, era berean, Kursaal Fundazioa aurrera ateratzeko erakunde eta enpresek duten fedea goraipatu du. Izan ere, aurrekontuaren ekarpenik handiena patronoek egiten dute (%62). Gainontzekoa leihatilan eskuratutakoarekin (%38) finantzatzen dute.
Musika Familian indartu dute
Kursaal Fundazioaren 12. denboraldia otsailean abiatuko da. Nahiz eta urte osoan 38 kontzertu (24 Auditorioan eta 14 Ganbera Aretoan) eskaini, ekaina bitarteko egitaraua hogei kontzertuk osatzen dute. Horietatik hamarretan Euskal Herriko artistak izango direla protagonista nabarmendu dute.
Programazioko arduradun den Jose Antonio Echeniquek azaldu duenez, Musika Familian atalari indar berezia eman diote. Aurten, zazpi kontzertu eskaini badituzte, hurrengo urtean 11 izango dira. Horien artean, Txirri, Mirri eta Txiribitonek ekainaren 9an eskaini duten ikuskizuna. Zalantzarik gabe, hiru pailazoek lepo beteko dute Kursaal Auditorioa. 40. urteurrena ospatzeko festa izango da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Easo Txiki eta Araoz Txiki abesbatzak izango dituzte lagun.
Musika zaletasuna piztea helburu duten emanaldiotarako sarrerak hiru eurotan eskura ditzakete 12 urtetik beherako umeek; helduek, aldiz, sei eurotan. Pop eta doinu herrikoiagoekin Kursaala girotuko duten kontzertuetan ere jende erruz ibiltzea espero dute. Manolo Garciak maiatzaren 15ean joko du eta hirira etorri den bakoitzean aretoa bete duela adierazi du Miguel Martin programazio arduradunak. Maiatzera itxaron gabe, bertako nahiz kanpoko musikazaleen arreta piztuko du Michael Nyman pianistaren kontzetuak. Oraindik bukatu gabe dagoen film baten musika estreinatuko duela iragarri du Martinek.
Musika klasikoaren atalean, azken bisitan bost bis eragin zituen Grigory Sokolov pianistaren kontzertua dago. Londresko Orkestrak eta Ensemble Matheusenek ere emanaldiak eskainiko dute.
Musika klasikorako abonamendu berriak abenduaren 12, 13 eta 14an jarriko dira salgai. 30 urtetik beherako gazteek 50 euroko eskaintza balia dezakete.
Klasiko nahiz beste ataletako kontzertuetarako sarrerak, berriz, abenduaren 20tik aurrera eros daitezke.