"Lehengo filosofiarekin gehiago haztea ezinezkoa zen"
Jose Ramon Mendizabal ‘Mendi’, Donostiarrako entrenatzailea
Goranzko bidea jarraituz, goia jo nahi du Kaiarriba Arraun Elkarteak; bi arraunlai baino ez ditu galdu, eta fitxaketak egin ditu ‘play off’ean sartzeko asmoarekin.
Hainbat arraunlari berri ekarri dituzte, bertakoekin talde hobea osatzeko asmoarekin. Fitxaketak direla esan daitekeen arren, denek dute loturaren bat hiriarekin edo hiriko kluben batekin. Sorreratik ezagutu du Donostiarra proiektuaren ibilbidea Jose Ramon Mendizabalek (Parte Zaharra, 1955). Benetako jauzia emateko ordua dela erabaki du zuzendari taldearekin batera. Hala, TKE Ligara igotzeko borrokan sartu nahi dute. Mendi da traineru nagusiko entrenatzailea, eta harro dago arraunlarien erantzunarekin. Taldeko egoeraren berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Arraunlari berriak gehitu dizkiozue dagoeneko bazenuten taldeari. Jauzia emateko ordua iritsi zaio Donostiarrari?
Beno, ez da beharrezkoa. Baina koska bat gehiago igo nahi dugu. Nire ustez, lehengo filosofiarekin gehiago haztea ezinezkoa zen. Beraz, jauzi txiki bat ematea erabaki genuen, beste edozein arraun taldetan gerta daitekeen moduan.
Behin denboraldia bukatuta erabaki zenuten aldaketa egitea? edo lehenagotik zetorren ideia?
Denboraldia bukatu baina pixka bat lehenago sortu zitzaigun ezinegona. Aldaketa emateko gogoz ginen, eta Kontxako Banderan lortutako sailkapenak ere bultzatu gintuen. Egia da, Kontxan gertatutakoan zorteak eragin handia izan zuela, baina itxaropena sortu genuen bai ala bai. Zaleen artean ilusio handia sortu zen hirian traineru lehiakorra izatearekin, eta guretzako inflexio puntu garrantzitsua izan zen.
Eta zergatik iritsi da justu orain filosofia aldaketa?
Proiektuaren filosofia, filosofia lehiakorra da eta nolabait epe laburrekoa. Izan ere, Udalak ez du dirulaguntza betirako luzatuko. Hortik aurrera, hainbat urte generamatzan talde laburrarekin. Gure filosofiak epe luzera begiratuko balu, eta beheko mailetatik lan gehiago egingo balu, aldatu egingo litzateke. Baina, oraingoan, bide hori laburtzen saiatu gara.
Zenbat arraunlari dituzu momentu honetan taldean?
Bi traineruen artean, A eta B, 48 arraunlari eta 3 patroi ditugu.
Egin nahi duzuena egiteko nahikoak dira?
Bai! Nahikoak dira! Gainera, kontuan izan behar da, aurten ere aulki mugikorrean ibiliko direla arraunlarietako batzuk, Ur-Kirolakekin eta Arraun Lagunakekin.
Iazko arraunlari guztiek jarraitzen dute?
Iaztik bik bakarrik utzi dute. Iban Viaga Ondarroara joan da, eta Patxi Olabek arrauna utzi du. Gainontzekoek gurekin jarraitzen dute, eta hori oso garrantzitsua da Donostiarraren etorkizunari begira. Lehen ez zen ohikoa izaten talde guztia jarraitzea.
Arraunlari berriak ekartzea erraza izan da?
Nahi dugun taldea osatzea lortu dugu. Agian badago etor zitekeen besteren bat… baina nahi genuena dugu, gutxi gora-behera. Erraza izan den? ez bereziki. Donostian halako esperientzia gutxi daude, baina ez da beste taldeentzat izaten dena baino askoz ere zailagoa izan. Aldaketekin, gainera, arraunlarien artean lehia egotea lortuko dugu. Traineruko postuak garesti egongo dira denboraldi berrian.
Zein proiektu eskaini diezue?
Denetik dago. Azken batean, proiektu honek irabazi duena sinesgarritasuna izan da. Duela urte batzuk ez zuen sinesgarritasunik. Arraun munduak gehiago espero zuen proiektua erortzea, zerbait garrantzitsua lortzea baino. Bereziki, sinesgarritasunak erakarri ditu arraunlariak. Beste klub batzuetan aritutako donostiarrak dira, edota donostiarren lagunak.
Dagoeneko hasi zarete entrenatzen. Zer moduz doakizue orain arteko lana?
Duela hilabete baino gehixeago hasi ginen. Taldekide asko Behobia-Donostian atera ziren, neguko prestakuntzaren parte bezala. Entrenamendu saio batzuk egin genituen, eta azaroaren 21ean hasi ginen saio berezituagoak egiten.
Denak batzea lan zaila izango da?
Ongi hasi gara. Talde handia dugu, arraunlariak entrenamenduetara etortzen ari dira, proiektuan sartuak daude, eta ilusioa dute, ilusio berritua; bereziki aldaketak dakarren ilusio horrek bultzatzen ditu arraunlariak. Aurreko astean uretara atera ginen, eta ongi ikusi nituen. Hasiera itxaropentsua izaten ari dela uste dut.
Patroi bezala Arkaitz Diazek jarraituko du?
Bai, larunbatean etorri zen. Hala ere, iaz bezala, autobus konpainiarekin borrokan jarraitzen dugu, bere lana eta arrauna uztartzeko aukera izan dezan. Berak jarraitu nahi du, eta gustura dago taldean.
Egindako aldaketekin, zer lortu nahi duzue?
Helburua, azken hiru urteetako goranzko bidea jarraitzea da. Aurrera goazen bezala, pausoak gogorragoak dira, baina hobetzen saiatuko gara. Iaz KAE-1 Ligako laugarrenak izan ginen, eta aurten, play offean sartzea gustatuko litzaiguke, bigarren edo hirugarren postuan geratuz. Lehenengo postuan geratzea zaila izango da, Oriok asko indartu baitu taldea. Edonola ere, lehenengo estropadetan ongi aritzea garrantzitsua izango da, horrek Liga asko baldintzatzen baitu.
Orioz gain, zeintzuk izango dira indartsuenak?
Santurtzik ere aldaketa garrantzitsuak egin ditu eta Isuntzak betiko bidean jarraituko duela pentsatzen dut. Eta Zarautz ere goian ibiliko da. Oriok azkenean KAE-1 Ligan arraun egingo duenaren erabaki ofiziala ez da iritsi. Baina gauzak dauden bezala geratzen badira, Orio izango da faborito nagusia.
Kolpe gogorra litzateke play offean ez sartzea?
Azkenean itsasoak jartzen du bakoitza bere tokian. Play offean ez sartzea ez litzateke gogorra izango, baina iaz baino lan okerragoa egitea bai.
Iaz ezusteko bat baino gehiago eman zenituzten. Euskadiko Txapelketarako sailkatu zineten eta Kontxako Banderan laugarrenak izan zineten. Zaleek gehiago eskatuko dute…
Zaleek gehiago eskatzea nahi dugu. Ilusioa piztu dugu halako sentsazioen gosea zuen hiri batean. Dagoen energia guztiari erantzun egokia eman behar diogu. Horrek eraman gaitu aldaketa txiki hori egitera.
Ba zorte on!
Azpimarratu nahiko nuke, asko hitz egiten dela arraunlari berrietaz, baina aurretik zeudenei laguntzera datozela. Benetan garrantzitsuak, azken urteetan Donostiarran lanean ari diren arraunlari horiek dira.
Donostiarra, Aldaketak
Bajak. Iban Viaga eta Patxi Olabe.
Altak. Julen Durandegi, Unai Elizasu, Joseba Etxabe, Loren Jauregi, Aritz Jauregi, Lander Olano, Alain Osanbela eta Gari Tolosa.