"Froga isilak erakutsi nahi ditugu"
Frankismoaren lehen hamarkaden kronika soziopolitikoa jaso du liburu batean Iñaki Egaña historialariak.
Memoria historikoa berreskuratzeko Euskal Memoria Fundazioaren lehen ahalegina errepresioaren bilakaera jasotzen zuen Gernikako seme-alabak liburua izan zen. Urtebete geroago, bigarren lana argitaratu du: Frankismoa Euskal Herrian. Behin betiko konponbidea. 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz Euskal Herrian indarrez ezarri zuten garaia kontatzeko, Fundazioko presidente Iñaki Egaña historialariak (Amara Zaharra, 1958) Frankismoaren lehen hamarkadetako kronika soziopolitikoa osatu du.
Egañaren sinadura badarama ere, lagun askoren lana izan dela gogoratu du amaratarrak Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean goizean egindako aurkezpenean. Besteak beste, bere anaia Juantxo argazkilaria edota euskarazko itzulpenaz arduratu den Aitziber Iartza aipatu ditu. Hitzaurrea Pako Etxeberria auzitegiko medikuak egin behar zion, baina Aranzadiko presidentea hamaika ekimenetan murgildurik dagoenez, ez zuen aukerarik izan. Horregatik, atzoko prentsaurrekoari ez dio huts egin. Egindako adierazpen laburrean, Egañak memoria berreskuratzeko bidean egindako lana goraipatzearekin batera, giza eskubideen urraketen aurrean ezin dela neutrala izan esan du. Egañak ondoan izan ditu ere, dokumentazio iturri nagusi izan duen Lazkaoko Beneditarren Artxibategiko arduradun Juan Jose Agirre eta frankismoaren biktima izandako Rosa Larrañaga, Txomin Letamendi eta Marcelo Usabiaga. “Ohorea da eta hunkituta nago eurak eta hauen senideak niretzat mitoak direlako, eta hauengandik xurgatu dugulako belaunaldi batek edo bik”, aitortu du historialariak, bertan izatea eskertzean.
Izan ere, klandestinitatean eta isiltasunean gordetako paperei eta oroitzapenei nahiz lekukotzei esker osatu baitute historia. Egañaren hitzetan, “existitzen ez diren frogak, froga isilak, erakutsi nahi ditugu, eta horiekin, lekuak, izenak, tokiak…”. Azaleratze horren emaitza 800 bat orrialdeko liburu mardul eta sakona da. Erbestea, eguneroko bizitza, euskaltzaletasuna, 1936ko gerra… izenburu duten bilakaera historikoari buruzko 16 kapituluekin batera, hilabetez hilabeteko kronologia eta 83 gehigarritan aletzen da argitalpena. Azken hauetan, alderdi, sindikatu nahiz taldeen historia, eta grebak bezalako gertakariak xehatu dituzte. Guztia, ia 2.000 argazkirekin irudiztatuta.
Liburu honen izenburuari Naziek erabilitako Behin betiko konponbideagehitu diote. “1939an esan zuen ‘Gure bidean jartzen dena zapalduko eta hondoratuko dudala zin dagit’. Hasieran hala izan zedin saiatu zen Francisco Franco, baina bistan da ez zuela lortu”, gogoratu du Egañak. Argitalpena abiapuntua besterik ez da, eta hiruzpalau urte barru bigarren zati bat eransteko asmoa dute. Hori ere, herriz herri, auzolanean eginda, “historiaren protagonistak denak garelako, eta gure historia denen artean sortzen dugulako. Ez da kontakizun bakarra izango, baina bai zabalagoa”, argitu du amaratarrak.