Errauste plantaren proiektua atzeratzeko erabakia gero eta gertuago dago Aldundia
Aldundia Zubietako errauste plantaren proiektua atzeratzearen alde dagoela jakinarazi du Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak, Batzar Nagusietan. Behin betiko erabakia Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hartu beharko duen arren, atzerapena gero eta gertuago dago, Bilduko ordezkariek osatzen dutelako partzuergoan gehiengoa. Aldundiak botoen %33 du bere esku eta Partzuergoan ordezkaritza duten zortzi mankomunitateetatik seietan du Bilduk agintea.
Urrian Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente izendatu zutenean, ez zuen atzerapenaren ala proiektua egokitzearen aldekoak ziren argitu. Bada, atzo, Batzar Nagusietan EAJk egindako galderei erantzundakoaren arabera, argi utzi zuen atzerapenaren aldekoa dela Aldundia.
Alduntzinek, halere, ez du atzerapena zenbat urtez luzatuko den argitu. Epe horretan herritarren artean hondakinei buruzko eztabaida sustatuko dutela iragarri du, ordea.
Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzaleak, era berean, atzerapena noiz ezarri nahi duten eta egun errauste planta eraikitzen ari diren enpresei eman beharreko kalte ordaina zenbatekoa izango den argitzeko eskatu dio Bildukoari. Alduntzinen hitzetan, «lehenbailehen» jarri nahiko lukete indarrean, ez baitago erabakia nahi adina luzatzeko denborarik. Hondakinak etengabe sortzen eta zabortegiak betetzen ari direla argitu du. Kalte ordainak, berriz, «zero» izango direla zehaztu du.
Zubietako lanak geldirik dauden bitartean, hondakinak kudeatzeko adostuta eta eztabaidarik sortzen ez dituzten eraikinekin aurrera jarraituko lukete. «Egungo zabortegien kudeaketa eta plangintza garatzeko» asmoa dutela jakinarazi du Alduntzinek.