"Zirraragarria izan da garai hura gogoratuz idaztea"
‘Egarri egunak portualdean’ eleberria aurkeztu du Koldo Izagirrek; 1977ko Pasaia islatu du liburuan
35 urte egin du denboran atzera Koldo Izagirrek (Altza-Pasai Antxo, 1953). Franco hil osteko lehen urteak islatu ditu. Garaiko giro politiko, sozial eta kulturalaz idatzi du Egarri egunak portualdean nobelan.
1977a urte berezia izan zen. Eta Koldo Izagirrek azken eleberria urte berean girotu du. 1977ko kontakizuna ekarri du bere liburu berrira. «Belaunaldi hartako gazteen bizimodua azaltzen du liburuan. Gazteria matxinatua da protagonista. Askatasuna, maitasuna, berdintasuna eta edertasuna topera bizi eta gozatu nahi duen gazteria matxinatua», azaldu du Susa argitaletxeko Gorka Arrese editoreak.
Liburuko protagonista nagusia edo kontalaria idazle bihurtu da. Baina 1977 urte hartan gaztea zen. Eta haren ahotik kontatzen da garai hura: «Ez da nobela autobiografikoa, fikzioa da. Protagonistak ez du izenik, eta beraz belaunaldi hartako edozein identifika liteke; egoera berdintsuak bizitako edozein. Tartean ni ere bai, baina ez da autobiografikoa», adierazi du Izagirrek.
Pasaia aukeratu du kontakizunaren eszenario gisa: «Oso nobeleskoa eta zinematografikoa da, batez ere hiri polit honekin [Donostiarekin] alderatuta. Oso eszenario interesgarria da portu bat, nik ez dut halako porturik ezagutzen Gipuzkoan. Gu beti bizi izan gara portuan bertan. Oso portu hurbila da, gu beti bizi izan gara bertan».
Haren ustez, «toki gutxitan bezalako borrokak egin ziren portualdean 1977an. Besteak beste asanblea permanentea zegoen Oreretan. Errepresio handiko lekua izan zen. Oso enpresa inportanteak finkatu ziren eta langile asko ziren bertan. Politika toki guztietan zegoen: Etxean, tabernan, kuadrilletan, bikoteen arteko harremanetan ere bai».
Estilo narratibo berezia sortu du idazle altzatarrak: «Garai eta giro estetiko eta politiko bortitz hura margotzeko idazkera anti konformista erabili du», esan du Arresek.
Pintadak
Poesiarako joerarik ez duela izan plazaratu du Izagirrek, «pintadak» direla adierazi du: «Prosa ulergarri bat idatzi beharra euskalgintzaren izenean oso pedagogikoa iruditzen zait. Niri ez zait irtetzen. Ez dut laborategi bat sortu estilo bat sortzeko. Ez naiz ibili baliabide gramatikalak kentzen estilo bat lortzeko. Niri ezinezkoa iruditzen zait azalpenetan aritzea. Ez zait bat ere gustatzen. Hor sortzen da ziur asko zenbait elementu gramatikal eta sintaktikoei uko egitea. Eta honetan modu erradikalean egin dut. Ez du ulermena errazten, baina horren bidez abiadura desberdinak ematen dizkiot testuari, eta hori niretzat oso garrantzitsua da, irakurketaren abiadura kontrolatzea».
Idazleak ez dakit hurrengo liburuetan estilo berari helduko dion, «baina oraingo honetan apustu hori egin nahi izan dut. Uste nuelako saio bat egin behar nuela formaren eta fondoaren arteko batasun bat lortze aldera. Azken batean inkonformismo baten istorioa da». Izan ere, egarri egunak ziren haiek: «Gure gorputzak zeuden egarriz. Beste askatasun batekin idatzi behar nuen. Brotxazoka pintatuko banu bezala. Nik ez dut uste poemarik dagoen hor. Horiek denak guk egiten genituen pintaketetatik oso hurbil daude».
Pasaiako eskualdearen garrantzia azpimarratu du idazleak: «Borroka politikoa, klase borroka eta borroka estetiko bat ere plazaratzen da eleberrian. Pena da argazkirik ez egin izana. Mural eta pintada ederrak ziren».
Feminismoa, ekologia, langile mugimendua… Eta beste gai bat. Heroina: «Gipuzkoan behintzat Pasaiako portutik iritsi zen, eta oso zuzen jo zuen belaunaldi hura. Ez genekien zer zen. Esan liteke exajeratu gabe mundu guztiak probatu zuela».
Gogorra, tristea eta ederra
Garai hartan gauza txiki asko egin zirela, eta ereindako hazi horrek egundaino iraun duela uste du Izagirrek: «Nahiz eta egun oso ahuldua egon. Zirraragarria zen gazte izatea inguru horretan. Eta zirraragarria izan da hori gogoratuz idaztea. Gogorra, tristea eta oso ederra aldi berean. Asko gogorarazten dit niri. Bidean lagun eta gauza asko galdu ditut, eta era tragikoan gainera. Gainera, helburu batzuk ez ziren lortu, eta atzera egin dugu balio batzuetan».
Halere, bere belaunaldiak gaztetan egindako «ahalegin inozo eta aldi berean eder hura» hor dagoela uste du: «Jakin izan genuen historiak eskatzen zuen mailan egoten,gure huts guztiekin hortxe izan ginen, eta traszenditu egiten zuen nire ustez eskualdeko markoa. Bestelakoak izan nahi genuen, ez genuen gure gurasoak bezalakoak izan nahi. Eta ez genuen onartzen inposatzen zitzaigun ingurua.