(Argazkia: Mikel Goñi)
Euskara izan dute gaur goizean eguneroko zereginak albo batera uzteko Axular, La Anunciata, Larramendi eta La Salle ikastetxeetako gazteek izan duten aitzakia. Aldaketa, ordea, atsegina izan da gehienentzat. Ordubete
«oso dibertigarria» izan da La Anunciatako Basirentzat. Axular Lizeoan lehenengo batxilergoa ikasten ari diren Ana eta Mikelentzat
«euskaraz hitz egin eta jende berria ezagutzeko aukera paregabea» izan da. Axularrekoak La Anunciatakoekin batera aritu dira 10:00etako txandan. Horrek eskola bateko nahiz bestekoak elkar ezagutzeko aukera eman die. «Gela bereko lagunak elkartuz gero, zaila baita gazteleraz egiteko ohitura aldatzea», diote bi ikasleek.
Ordenagailuak ematen duen babesari uko egin eta aurrez aurre jende ezezagunarekin hitz egitea, berriz, ez da batere erraza izan. Lara, Mario eta Cristinari
lotsak estutu die hartu-emanerako bidea. Ordenagailuaren aurrean, baina, sare sozialetan murgildurik daudenean, inongo lotsarik ez dutela izaten onartu dute.
Facebook, Tuenti eta bestelakoak ondo baino hobeto erabiltzen dakizkite, euren etorkizunarekin zer egin, ordea, ez dute batere argi. Mintzodromoak hurrengo urteetan zein ikasketa hautatu erabakitzeko gehiegi lagundu ez badie, gehienek
ikasketak gazteleraz egingo dituztela plazaratu dute.
Bihar eta etzi euskaraz ondo pasatzeko
eskaintza zabala egongo da. Bulebarreko karpan Gipuzkoako ehun bat eragilek egingo dute azken mintzodromo saioa larunbatean. Hiriko auzoetan ere hamaika ekimen antolatu dituzte.