13 urteko mutiko bat hilda topatu dute Antiguan
Udalak elkartasuna eta gertutasuna agertu dio biktimaren familiari. Ongizate zerbitzuko langileak familiarekin ari dira lanean, arreta psikologikoa eta behar duten guztia eskaintzen. Juan Karlos Izagirre alkateak udal bozeramaileen bilkura deitu du biharko, heriotz latz horren aurrean eman beharreko erantzuna adosteko. Lokarriz hesituta Logroño kaleko bosgarren ataria eta garajea lokarriz hesituta egon dira arratsaldean. Ertzaintzaren talde zientifikoko kideak bertaratu dira, epaitegietako ordezkariekin batera. Polizia autoak ez ezik, anbulantzia bat ere hurbildu da Antiguako Zubimusu parkearen ondo-ondoan dagoen kalera. Lokarriz hesituta eta ertzainek zainduta egon arren, bosgarren ataritik jendea sartu eta ateratzen dabil; bizilagunak tartean eta aurpegi ezagunen bat edo beste, Realeko presidente Jokin Aperribai eta klubeko prentsa arduraduna, kasu. Ixiltasuna da nagusi kanpoaldean. Komunikabideak lanean dira. Dirudienez, gorpua aurkitu duten etxebizitzan, senar-emazte batek urtebete zeraman bizitzen, eta lau seme-alaba ditu. Senarrak ondoko jatetxe batean lan egiten du eta jatetxea itxia egon da arratsaldean. Bereizketa tramiteetan Arratsaldean, epailea amarekin egon da etxebizitza barruan, eta beste hiru seme-alabak –hildakoa anaia nagusia zen– eskolan ziren. Ertzaintzak badaezpada haurrak ikastetxetik atera ditu, amaren segurtasuna ez ezik, haiena ere bermatzeko. Aita bilatzen ari dira, homizidio delitua egin duelakoan, baina suizidioaren aukera indarra hartzen joan da. Bikotea bereizketa tramiteetan dabilela zabaldu du Herrizaingo Sailak.