Donostia izan daiteke eszenatokia
2012ko Europako Belar Hockey Txapelketa antolatzeko ez denez talderik aurkeztu, Realak hirira ekartzeko proposamena egin dio Federazioari, jokatu gabe ez geratzeagatik.
Europako Belar Hockey Txapelketako partehartzea oraindik ere kolokan dauka Realak. Aurreko astean jakinarazi zuen Europako Federazioak 2012ko lehiarako sailkatutako 12 taldeen artean, inork ere ez zuela bere burua aurkeztu txapelketa bere hirian antolatzeko. Hori dela eta, Federazioak taldeei bigarren aukera bat eman zien, txapelketa bi herrialdeetan jokatzea proposatuz, bakoitzean sei talde lehiatuko zirelarik. Bigarren aukera horretarako egoitza bezala aurkezteko epea atzo bukatu zen, eta Realak bere burua eskaini zuen. Orain, ordea, Federazioaren erantzunaren zain daude, ez baitakite beste talderen bat ere aurkeztu ote den. Mari Ayestaran Realeko delegatua da eta bere ahotik jaso du Irutxuloko Hitzak egoeraren berri. «Federazioak bidalitako eskutitz baten bidez jakin genuen ez zela inor aurkeztu txapelketa antolatzeko. Holandak eta Alemaniak 2010ean eta 2011ean antolatu zutenez, kanpoan utzi dituzte oraingoan».
«Orain arte beti jokatu izan dute 12 taldeek herrialde berdinean, eta sailkapeneko lau onenek final four deiturikoa jokatu izan dute, beste herrialde batean. Orain hasieratik sei taldeko bi multzo egitea proposatu digute, bi herrialdeetan jokatzeko», dio Ayestaranek. Orain, talde bakar batek egingo balu antolatzeko proposamena, zuzenean lauko finala jokatuko lukete. Beraz, Reala lehiatik kanpo geratuko litzateke, ez baitago goiko postuetan. Hori kontuan izanik, Realak bere burua aurkeztu du bi aldiz pentsatu gabe. «Urteetako esfortzuari esker Europarako sailkatzea lortu dugu, eta azkenean jokatu gabe geratzea pena handia litzateke». Beraz, erakunde publikoekin eta Realeko zuzendaritzarekin hitz egin ostean, aurkeztea erabaki dute. «Orain, zain gaude, ea azkenean Federazioak zer erabakitzen duen. Hala ere, txapelketa Aste Santuan jokatzekoa denez, erabakia ez dela gehiegi luzatuko uste dugu». Ayestaranen ustez, datorren astean izango dute berriren bat.
Zelaia Atletikorena da
Ayestaranen hitzetan, bigarren aukeran Azerbayanek ere txapelketa antolatzeko aurkeztea erabaki duela uste dute. Kontuak hala, beste herrialde bat aurkeztuko balitz ere, Realak Azerbayanera joan beharko luke, bere multzoan baitago bertako taldea. Eta azkenean, hori gertatzen bada, ez dakite joatea erabakiko luketen. «Azerbayan oso herrialde militarizatua dela esan digute, eta oso matxista gainera. Partidetara gizonak bakarrik joaten omen dira, hockeyaz ezer ere ulertzen ez dutenak… beraz, ez daukagu joateko gogo handiegirik».
Edozer gertatzen dela ere, taldea triste dagoela onartu du Ayestaranek. «Taldea Alemania edo Holandara joateko gogoz zegoen, lortutakoaren sari moduan. Gurasoek ere joateko asmoa zuten, jarraitzaile bezala. Baina azkenean etxean jokatzen badugu, ez die hainbesteko pozik emango».
Realak txapelketa Donostian antolatzea lortzen badu ere, kontutan hartzekoa da zelaia ez dela berea. Realak entrenatzeko erabiltzen duen kirol gunea Donostiako Atletikorena baita. «Diru publikoarekin egindako zelaia bada ere, erakunde pribatu batek kudeatzen du. Beraz, gunea erabiltzeagatik kobratu egiten digute». Orain, bulegoa bertan ezartzeko negoziaketan dabiltza.«Pena da beti horrela ibili beharra».
Belar hockey zelaia Realaren Zubietako egoitzan eraikitzearen proposamena ere egin izan dute, baina kontua nahiko geldi dagoela dirudi. «Zubietan lurrak egon badaude, baina lanak egiteko dirua falta da. Gainera, orain ere ez da halakoetarako momenturik onena… momentuz itxaron egin beharko dugu, baina guretzako sekulakoa litzateke». Gainera, Ayestaranek azpimarratu du, egunen batean Zubietan zelaia eraikiko balitz, ez litzatekeela Realaren erabilerarako bakarrik izango. «Gipuzkoako Federazioak parte hartuko luke eta probintzia guztiarentzako zabalik egongo litzateke. Gaur egun halako zerbait izango bagenu, askoz ere errazagoa egingo litzaiguke txapelketa bat antolatzea! Bertan daude prentsakoak, bulegoak… ».