Ontziek hartzen duten eremua antolatuko dute badian
Aingura botata dauden ontziak kenduaraziko dituzte lehenik eta toki berria diseinatuko dute ondoren
Datorren udararako Kontxako badia betetzen duten ontzien eremua antolatzeko asmoa dute. Hartu beharreko neurriak zehazteko, lantaldea eratu dute. Hala, aingura botata duten partikularren ontziak kentzea izango da lehendabiziko erabakia. Ondoren, eremu berria diseinatuko dute.
Udalak ohartarazi duenez, Santa Klara irlaren aurrealdean inongo irizpiderik gabe eta askatasun osoz uzten dituzte ontziak eta horrek ontzi kopurua nabarmen haztea eragin du. Egoera horrek sortzen dituen arazoekin bukatzeko, lantaldea eratu dute Udalak, Gipuzkoako Itsasertzeko Zerbitzu Probintzialak eta Pasaiako Kapitaintzak, Klub Nautikoarekin batera.
Denen artean, ainguratzeak behar bezala antolatu nahi dituzte, badiatik dabiltzan ontzien segurtasuna bermatzeko asmoz. Era berean, irlara doazen itsasontziek aurrera eta atzera ibiltzeko inongo eragozpenik ez izatea dute helburu.
Antolaketak erabiltzaileak identifikatzen lagunduko duela zehaztu du Udalak. Ontzi horien nabigazio eta hondakinen kudeaketarako agiriak izateak, halaber, itsasoa nahiz hondartzak garbi mantentzen lagunduko duela aditzera eman dute.
Azken batean, badiaz gozatzeko baldintzak hobetu eta udan egiten diren jarduera guztientzako tokia bermatu nahi dute.