"Sekula idatzi ditudan orrialderik gordinenak bertan daude, eta zoriontsuenak ere bai"
‘Twist’ izena du Harkaitz Canoren nobela berriak; 1983an girotutako istorioa idatzi du
Twistik ez dago Harkaitz Canoren (Lasarte, 1975) azken eleberrian, baina badago, «iraganaren eta orainaren arteko dantza bat». Hiru laguni buruzko eleberria da ‘Twist’: «Adiskidetasunari buruzkoa, erruduntasunari buruzkoa; eta baita gerra zikinari buruzkoa, eta beraz, isiltasunaren aurkakoa ere. Engaiamendu eta arrisku handiko nobela da, bere laugarrena du», azaldu du Gorka Arresek, Susa argitaletxeko editoreak. Halere, asko dira nobelaren hariak: maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia eta antzezpena, besteak beste.
Soto, Zeberio eta Lazkano. Hirurak lagun ziren antzerki talde batean; eta orain bakarra bizi da, Lazkano. Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagertarazi egin zituzten. Lazkano idazlea da, eta ezin ditu burutik kendu. Bere oroimenean betirako geratu dira txertatuta. Hogeitaka urte darama haiekin batera bizitzen edo pentsatzen.
Non dago mina Harkaitz Canoren azken liburuan? Zein min, zein zauri, zein orbanek eraman dute idazlea idaztera? «Arrazoi sentimental eta literarioengatik, nagusiki» 80ko hamarkada aukeratu du. 1983. urtea. Orduan 8 urte zituen Canok eta «garai hartan 20 urte dituzten pertsonaia batzuk aukeratu ditu».
Une horretatik aurrera sortzen da adiskidetasunari buruzko istorioa: «Pertsonaiak fikziozkoak dira, istorioa fikzioa da. Baina, jakina, bai pertsonaiak eta bai istorioa jarriak izan dira 80ko hamarkadako ispilu deformante batean. Eta ispilu horretan identifikagarri egingo dira 80ko hamarkada, eta Euskal Herriko egoera. Ez da euskal gatazkaren epifania bat kontatzen, gertaera batzuk kontatzen dira». Canoren ustez, «fikzioaren ispilu deformante hori da errealitate hori finkatzeko modu bakarra. Ni ez naiz kazetaria ez naiz kronikaria. Ez nuke 80ko hamarkadako kronika bat egiten asmatuko. Nik zerbait egiten badakit hori fikzioa da, eta nik uste dut fikziozko arma horiekin finkatzen dela momentu eta une zehatz batuen kontaketa».
Liburua «errebobinatze eta flashback etengabe bat» dela adierazi du : «Lazkanok buruan dituen bi lagun horiekiko errekuperatze nahi eta ezin bat da, azkenean. Errebobinatzen da, gainera, 80ko hamarkadan bezala, itsumustuka, jakin gabe nora iritsiko zaren. Ez baita errebobinatze digitala. Diego Lazkanok bere buruko kasetak rebobinatzen ditu. Eta ez daki oso ondo nora iritsiko den. Azkenean bada halako ahalegin bat. Bizitzan, arramazka egiten saiatzen gara, gauzetan, ekintzetan, oroitzapenetan. Baina ez dugu ia inoiz lortzen sakonean ezertara iristen.».
Oraina eta iraganaren arteko dantza ez ezik, badu twistarekinparekotasun gehiago: «Twista dantza friboloa da, eta liburuan asko hitz egiten da friboloa eta sakratuaren arteko kinka horretaz. Twista bada lehen aipatu ditugun gertaera larri eta gordin horien aurrean, dantza fribolo bat, dantza bat askea, bakarrik egin daitekeena, baina elkarri begira egin behar dena».
Liburuaren geografia, tarteka, oso donostiarra dela plazaratu du idazleak: «Banuen erronka bat. Fikzioan Donostiak traba egin izan dit. Kloroformo dosiak txertatu izan dizkiot Donostian kokatu izan ditudan fikzioei, nire talentu faltagatik izan da ez dut zalantzarik. Donostia oso literarioa da, eta badira egileak asmatu dutenak Donostian literatura eraginkorra izan dadin».
Izaki intermitenteak azpi tituluak osatzen du nobelaren izenburua. Artista bat, kazetari bat, antzerki zuzendari bat, abokatu bat, editore bat… Pertsonaia asko daude liburuan: «Zure bizitzatik jendea desagertu egiten da, eta gutxien espero duzunean agertzen da, hezur aharagiz edo mamu bezala. Eta liburu honetan ere, bada agertu eta desagertzearen intermitentzia hori». Bigarren intermitentzia protagonistak. Lazarok, beraren baitan dituen mamuak izango lirateke».
Liburuari buruz hitz egiteko oraindik distantziarik ez duela onartu du, baina intuizio bat duela aitortu du: «Sekula idatzi ditudan orrialderik gordinenak bertan daude, eta zoriontsuenak ere bai».